Aitor Ugarte: "Titulu garrantzitsuenen artean, hau jarriko nuke"

Julen Iriondo 2020ko mar. 13a, 13:22

La Sportivak fitxatu eta puntako taldean ariko da aurten mendi korrikalari aramaioarra, eta arduradunak pozik utziko zituen estreinakoan: Espainiako Txapelketan garaile, eta Mundialerako txartela, bideratuta.

Kilometro bertikala zen Jaengoa, eta Ugartek bi minutu eta erdi atera zizkion bere kategoriako bigarrenari.

Denboraldi berria, talde berria... Aldatzen ez dena emaitzak dira.

Bai, denboraldiko lehen lasterketa, talde berriarekin, eta emaitza, bai, oso ona, eta oso pozik.

Ze asmorekin iritsi zinen? Espero zenuen horrelako emaitzarik?

Aurten, oso azkar tokatu da Espainiako Txapelketa, eskiko denboraldiarekin bat egin du, eta lesio batetik ere banentorren; hiru hilabete egin ditut korrika egin gabe, eta aprobetxatu dut bizikletarekin eta eskiekin entrenatzeko, bertikalerako ahalik eta ondoen prestatzeko, eta, egia esan, sentsazio onekin nenbilen, ondo sentitzen nintzen, eta espektatibak eta neure buruari jarritako erronkak bete nituen.

Ze ezaugarri zituen lasterketak?

Inoiz egon gabe nengoen inguru hartan. Barikuan iritsi ginen, eta, ibilbidea ikusterakoan, argi zegoen oso bertikala zela. 2,7 kilometroko luzera zuen, eta 950 metro inguruko desnibela. Bai-na lehenengo 600 metroak lauak, edo apur bat berantz, ziren; beraz, desnibel positibo guztia bi kilometroan zegoen. Oso gogorra. Zoruari dagokionez, lehenengo zatia garbiagoa zen, harri soltea egon arren, lurra... eta bigarren zatian harri handiagoak ziren, leku batzuetan eskuak ere erabili beharra... Paraje ederra da.

Kontrarioak ezagutzen zenituen? Ze maila zegoen?

Bai; Espainiako Txapelketara beti etortzen da oso jende ona, eta aurreko urtetik kontrolatuta neukan jendea; asko, gainera, eskitik datoz. Aurkari indartsuenak, behintzat, banituen buruan, eta, erlojuaren kontrakoa izanda, erreferentziak eta denborak kontrolatu nituen, amaren laguntzarekin, bera ibilbidearen erdian zegoen eta.

Bastoiekin izan zenuen dilema.

Ibilbidea ezagutu gabe, bastoiekin egiteko asmoa nuen, jakinda, gainera, nire entrenamendu guztiak eskiatzen izan direla. Baina, iritsitakoan, jende askok zioen oso teknikoa zela, eta bas-toiekin egiteko nahikoa zikina; batez ere, bigarren zati hura. Baina ibilbidea ikusi nuenean, berehala erabaki nuen bastoiekin egitea. Normalean, gainera, bastoiekin irtenez gero, amaie-rara arte eraman behar dira; baina araudia aldatu egin zuten, eta erdian uzteko aukera eman zuten. Baina nik pentsatu nuen goraino eramatea, erditik aurrera ere, bidea teknikoa izan arren bazeudelako pala gogorrak, bastoiak beharrezko zirenak.

Eta, azkenean, beste titulu bat palmareserako, eta badira batzuk.

Garrantzitsuenen artean hau jarriko nuke, zalantza barik, Munduko Txapelketarekin batera eta iazko Espainiako Txapelketarekin batera.

Egindako denborak dakarrenagatik ere bai, ezta?

Bai. Aurten, iaz bezala, helburua da Italian jokatuko den Munduko Txapelketara heltzea; lekuak oso mugatuak dira, nire kategorian leku bakarra egongo da, eta hori eskuratuko du bertikaleko denbora eta iraupenekoa batuta denbora onena duenak. Beraz, irabazteaz gain, inportantea zen Jaenen beste aurkariei denboratxo bat ateratzea, eta, egia esan, nahikoa denbora polita egin nuen, eta aukera ematen dit konfiantza handiagoarekin joateko Izabara, ekainean egingo den Camille Extreme lasterketara [iraupeneko Espainiako Txapelketa].

La Sportivakoak gustura egongo dira: taldera iritsi berri, lehenengo lasterketa, eta garaipena.

Fitxaketa 2020rako da, mendiko lasterketen denboraldirako. Ni, oso pozik, euren konfiantzagatik. Managerrak esan zidan presiorik gabe irteteko, eta horrela irten nintzen. Eta, emaitzarekin, oso pozik, talde berrian hasteko oso modu polita izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak