1.937.376 euroko udal aurrekontua onartu du Aramaioko udalbatzak

Julen Iriondo 2020ko ots. 28a, 13:11

EH Bilduren aldeko zazpi botoekin eta EAJren kontrako biekin onartu zen atzo osoko bilkuran 2020ko Aramaioko udal aurrekontua. 1.937.376 euro izango dira, iaz baino %10 pasatxo gutxiago.

"Gure aurrekontua handiagoa edo txikiagoa izatea eragiten duena da, neurri handi batean, obra handi bat edukitzea edo ez edukitzea, hau da, Foru Planean sartu den obraren bat. Musika etxearekin ari gara orain, baina 2019ko kontuei egozten zaie diru hori, bai sarrerak eta bai irteerak; beraz, horrek eragin du jaitsiera, batez ere", zioen alkateak azalpen gisa.

Obra handirik ez, beraz, aurtengo. Inbertsioak beste maila batekoak izango dira. Kotxe berria erosi beharko da (35.000 euro), eta web orria konpondu (4.500), iazko ziber-erasoa eta gero. Ur sistema ere hobetuko dute (29.500), eta gehiago: "Udal laguntza eskolako musika gelarako; basoetan inbertsioak egingo ditugu, urtero moduan, landatu, desbrozatu...; obra txikietan, eskatuta dugu kultur etxeko konponketa batzuk egiteko, teilatuan...; auzolanetan, Barajuengoa dugu eskatuta (8.531,50); ermiten eta elementu txikien dirulaguntzetan, Etxaguengo errotarako (15.000) eta Santa Ana ermitako kanpandorrerako eta zorurako (10.000) dugu eskatuta...", zioen alkateak.

Azkeneko horietan, dirulaguntza ez iritsita ere, gastua aurrekontuan aurreikusi dutela azaldu zuen alkateak, eta egin egingo direla Etxaguengo eta Santa Anako lanak.

Honekin batera, bateko eta besteko jaiei diru gehiago bideratuko diete, eta udal langileen ordainsarietan ere kopuru handiagoa joango da (%2,79), atzoko osoko bilkuran bertan Eudelek proposatzen duen igoera onartu eta gero. Gorbeialdeko Kuadrillara Udalak egingo duen ekarpena ere bikoiztu egingo da ia, lehendakariaren liberazio erdiari eta kontratatuko den hirugarren gizarte langilearen kostuari aurre egiteko, besteak beste.

EAJk zortzi zuzenketa egin zizkion aurrekontuari, eta haiek bozkatu zituzten aurrekontua baino lehen. EH Bilduk zuzenketen kontra bozkatu zuen. Jeltzaleek azaldu zuten hauteskundeetan Aramaiorako azaldutako zenbait asmo islatu nahi izan dituztela aurrekontuan zuzenketon bidez; diru kopuru txikiekin izanda ere, zenbait egitasmo hasteko intentzioa erakutsi zezala Udalak. Horrela zioen Pedro Elosegik: "Uraren plan orokorra hastea; eguneko zentroa handitzeko egitasmoa; aparkaleku proiektu bat egitea; Arrasateko kolektorearen konexioa: azken hau Foru Aldundiarekin egin behar da, baina Udalean ere diru kopuru bat egon behar da; 10.000 euro proposatzen genituen, horrekin proiektua ere ezin da egin, ziur aski, baina hasierako azterketa bat, behintzat, prozesua hastea nahi genuen".

Kasu konkretu honi honela erantzun zion alkateak: "Saneamendua Arrasatera eramateko jarri behar den dirua jarriko dugu, noski, baina Foru Aldundiak esan zigun nola egin aztertzen dabilela, eta horren zain gaude; Foru Aldundiaren esku bizi gara, guk ere egin dezakegu akarpena, baina ez dugu dirua gastatuko Foru Aldundiarekin adostu gabe".

Dena dela, bi alderdiek nabarmendu zuten ildo orokorretan bat datozela Aramaiok dituen beharren inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak