Olaizola, denboraldiko punturik beroenean

Julen Iriondo 2020ko ots. 5a, 12:09

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finalerako sailkapena izango du bihar jokoan Zeanurin, eta hastear du, baita ere, Zizur Nagusiko lau eta erdiko txapelketa. Denboraldiko bi txapelketa inportanteenetakoak dira beretzat, eta itxaropentsu dago.

Bihar, zapatua, gauean du Julen Olaizolak Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketako finalerako sailkatzeko lehen aukera, Orozko ordezkatuz –han dihardu–. Horretarako, Zeanuriko ordezkariari –Beitia, Erkiaga edo Emaldi, partidu aurretxora arte ez du jakingo– irabazi behar dio, haren herriko frontoian. Irabazterik lortuko ez balu, bigarren aukera bat izango luke Olaizolak, Laudioko Alonsoren kontra.

Orain arte bere multzoan jokatutako partidu denak irabazita iritsi da pilotari aramaioarra finalaren atarira. Biharkoa irabaziko balu, multzoko buru moduan finalera pasako litzateke zuzenean, eta ligaxkako bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko lehiatik aterako litzateke bere kontrarioa; galduko balu, Zeanuri pasako litzateke finalera, eta berak jokatu beharko luke azken norgehiagoka hori.

Biharko partidurako gakoetako bat frontoia bera izan daitekeela uste du Olaizolak: "Zeanuriko frontoia oso frontoi bizia da, eta erritmo handia jartzea izango da kontua, berak ez dominatzea; saiatuko naiz ondo sakatzen eta tantoa hasieratik dominatzen, ahal dudanean bukatzeko. Partidua nire terrenora eramaten saiatuko naiz".

Finalerako urratsa eman behar da aurrena; irabazi, ondoren; baina, gertatuko balitz, lorpen handia litzateke Olaizolarentzat: "Oso inportantea da. Maila onean nabilenaren seinale izango litzateke". Binaka jokatu du aurrez txapelketa hau, baina lehen aldia du buruz buru, eta horrek are bereziago egiten du erronka; aramaioarrak gustuko du buruz burukoa: "Modalitate ona da niretzat, kolpearekin hasi eta, gero, tantoa bukatu".

Asteburu honetan, beraz, partidu garrantzitsua, eta datorrenean hasiko du, berriz, Zizur Nagusiko lau eta erdiko txapelketa. Txapelketa kuttuna du Olaizolak, emaitza onak lortu izan dituena: azken lau edizioetan finalean izan da, bi irabaziz, azkena iaz; txapela defendatzea tokatzen zaio, hortaz: "Final laurdenetan hastea dagokit, iaz finalean egon izanagatik. Oso txapelketa garrantzitsua da, eta ea zer gertatzen den, aukerak egongo dira". Egungo profesional askok utzi dute aztarna Zizur Nagusiko txapelketan, eta Aramaiokoak ere nahi luke palmaresean, berriro, izena idatzi.

Tolosan jokatu duen Soroaren oroimenezkoa izan du denboraldiko beste mugarri inportantea Olaizolak. Gorrotxategirekin batera jardun du, eta emaitzak onak izan ez arren –bi partidu galdu eta kalera–, esperientziarekin pozik geratu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak