Jubilatuen Eguna: Aramaioko produktuen, dantzarien eta abeslarien erakusleiho

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 26a, 20:29

Jubilatuen Eguna jaialdi garrantzitsua izaten da aramaioar guztientzat; zahar eta gazte. Gaurkoan, eguraldia lagun, jendez lepo egon da Nardeaga kalea; 46 postuez –24 aramaioarrak– eta abere erakusketaz gain, trikiti-kalejirak, dantza eta kantu erakustaldia ere izan dira goizean zehar.

46 postuetan zehar, denetarik zegoen: eztia, barazkiak, gazta, artisauen egurrezko produktuak, gatza, onttoak, era guztietako ukenduak, albokak, pastelak eta gozokiak, ogiak, telazko poltsak eta arropak, saskiak, Aita Mari barkuari buruzko informazio postu bat, askotariko bitxiak... eta baita Aramaioko kalabaza erraldoi bat; Uribarri auzoko Mendako baserrikoek ekarri dute, eta 50 kilogramotik gora pisatzen dituela adierazi dute. 

13:00ak inguruan Papargorri abesbatzakoek bi kantuko emanalditxoa egin dute eliza kanpoaldean. Txoria txori eta Hertzainak taldearen Aitormena kantua abestu dituzte, azken hau ukitu moderno eta txalogarri batekin, gainera. Ostean, dantza taldekoek hartu diete lekukoa, hiru taldetan banatuta: haurrak, gazteak, eta helduak. Trebe-trebe egin dute dantza, ikusleak elizako eskaileratan zeuden artean. 

Eguna borobiltzeko, erretiratuek bazkaria egin dute frontoian, eta 100 lagunetik gora batu dira mahaiaren bueltan. 

 

Erlazionatuak

Jubilatuen Eguna, argazkitan

Xabi Gorostidi 2019 urr 26 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak