Ekainean etorri zen ezustekoa: administrazioak 2018-2019 ikasturtekoak baino langile gutxiago iragarri zituen Aramaioko San Martin eskolaren ikasturte berrirako; ezustekoa, batetik, jakinarazpen hori arteko prozesuan ez zelako halakorik aurreratu –azaro-abendu aldera aurreikuspen bat ematen du jakitera administrazioak, helegiteetarako tartea egoten da gero, eta urtarrilean aldizkari ofizialean argitaratzen da; eta hor, murrizketarik ez zen adierazi–.
Ezustekoa, bestetik, San Martin eskolakoek beharrezko ikusten zituztelako eskatzen zituzten lanpostu guztiak; eskola bakoitzari irakasleak esleitzerakoan, irizpide matematiko bat erabiltzen dela, baina esleipen hori egiterakoan herri eta eskola bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu behar liratekeela diote Aramaioko eskolakoek, ez direla gauza bera herri txiki bateko eskola eta hiriburukoa: San Martin eskola herriko eragile bat gehiago dela diote, beste eragile, elkarte eta abarrekoekin elkarlanean hainbat ekintza eta proiektu egiten dituena. Gainera, hori eredugarri jotzen ei du administrazioak, eta errekurtsoak izendatzerakoan kontuan ez hartzeari kontraesankor deritzote.
DIOTE IRAKASLEAK ESLEITZEKO EZIN DELA IRIZPIDE BERA ERABILI HERRI TXIKI BATEN ETA HIRI BATEN
Ekainean administrazioaren iragarpena ezagututakoan, azalpen eske eta euren ustez zegokiena aldarrikatuz jo zuten batera eta bestera –guraso elkartetik ere mugitu dira denbora honetan–. Behar bezalako erantzunik jaso ez, eta Udalari bitartekaritza eskatu zioten; Udaletik Jaurlaritzarekin egindako gestioen bitartez lortu zuten Lehen Hezkuntzako beste irakasle bat eskolarako.
Baina hezkuntza premia berezietarako aholkularia falta zen oraindik, irizpide matematikoen arabera ez omen zegokien; eskolan ez zuten ulertzen, aurreko ikasturteko ikasle kopuru bera baitzen haren beharra zuena. Aurreko astetik dute, azkenean, aholkularia, Arabako Hezkuntza ordezkariak euren eskakizunaren alde eginda.
Azkenean, beraz, eskatzen zuten langile kopurua badute, nahi zuten profiletakoak; poza ez da, ordea, erabatekoa: bi pertsona berri etorri dira Aramaion denbora zeramaten beste bi, funtzio beretan, ordezkatzera; horrek ikastetxeari "energia gainkarga" eskatzen diola dio Saioa Uriarte zuzendariak.
Hurrengo ikasturtera begira, eskolarekin batzeko konpromisoa hartu du Hezkuntza ordezkaritzak; San Martinekoek ez dute nahi halakorik berriro errepika dadin.