Eskolak dio halako erabakietarako prozedura eta epeak ez dituela errespetatu Hezkuntza Sailak, eta, bestetik, ez du ulertzen langile kopurua irizpide matematikoa bakarrik erabiliz erabakitzea. Saioa Uriarte zuzendariak dio ezin dela konparatu hiriburu batean, adibidez, eskola batek betetzen duen funtzioa eta Aramaio bezalako herri batean betetzen duena, herriko eragile bat gehiago direla eta hori igarri egiten dela egiten dituzten ekintzetan; eta, ondorioz, langile kopurua erabakitzeko irizpidea ezin dela hiriburu baterako erabiltzen den bera izan.
Gaia osoko bilkuran aztertu zuen atzo udalbatzak –bertan izan ziren eskolako ordezkariak–. Lantaldeko kide kopurua iragarri moduan ez murrizteko, Udalaren izenean, EAJko zinegotzi Pedro Elosegik egin zituen gestioak Jaurlaritzarekin –eskolak egindakoez gain–, bere taldeak eskolako kideen "arrazoi gehienak" konpartitzen dituelako, adierazi zuenez, eta hamabi beharrean hamahiru langile izateko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak gestio horien ondotik.
Eskolakoentzat –eta EH Bilduk ere bat egin zuen horrekin– hori ez da nahikoa, ez dakitelako, adibidez, hamahirugarren hori ze profiletako langilea izango den: "Hamahirugarrenarekin, Lehen Hezkuntzako talde batek tutore oso bat izatea lortuko litzateke, baina hezkuntza premia bereziko ikasleei erantzuteko irakasle espezialistarik ez dute izango, dakigula". Azkenean hori horrela bada, ez litzateke ulergarria, Saioa Uriarteren arabera, aurreko ikasturtean, premia bereziko ikasle kopuru berarekin, pertsona bat izan baitute. Oro har ere, murrizketa ez dute ulertzen, bategiteen ondorioz talde bat gutxiago izan arren, bi ikasle gehiago dituztelako kurtso berrirako –117–.
Osoko bilkuran Udal Gobernuak prestatutako idatzia onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrakoekin, eta Hezkuntza Sailari ere helarazi dio astean. Udal Gobernuak onartezin deritzo ikasturte berria hasteko hilabete pasatxo falta denean hainbat galderak oraindik erantzunik ez izateari. Lierni Altuna alkateak adierazi zuen Jaurlaritzak erabakian atzera egiten ez badu, "abian diren egitasmo eta proiektu batzuk aurrera eramatea zailagoa" izango dela, eta beste batzuk "ezinezkoa".
Eskolako zuzendariak, berriz, adierazi du "borrokan" jarraituko dutela, "ikasleek kalitatezko hezkuntza bat izateko eskubidea dutelako".