"Mendi duatloi baterako leku egokia da Untzilla"

Julen Iriondo 2019ko ira. 13a, 12:29

Azaroaren 17an jokatuko da Aramaioko probaren lehen aldia, Euskal Herriko zirkuituaren barruan egongo dena, gainera. Lasterketotan lehian ibili ohi den Iker Beitia untzillarrari sortu zitzaion ideia, eta bera ari da, besteak beste, antolakuntzan.

Irailaren 1ean jokatu zen Igantzin, Nafarroan, Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituaren aurtengo lehenengo proba, eta bihar izango da bigarrena, Igartzan, Gipuzkoan. Hamar lasterketa izango ditu zirkuituak, eta azken aurrekoa izango da Untzillakoa.

Bertakoa da halako lasterketetan lehian aritu ohi den Iker Beitia, eta hari sortu zitzaion zirkuituko aurtengo probetako bat etxean antolatzeko ideia: "Ikusita Aramaion nolako parajeak ditugun, iruditu zitzaidan halako proba bat antolatzeko leku aproposa izan zitekeela. Zirkuituko arduradunei komentatu nien ea haien egutegian sartu ahalko genukeen proba, eta ez zuten arazorik jarri. Gainera, Arabako proba bakarra izango da, eta begi onez ikusi zuten. Pausua emateko, Aramaioko Udalaren iritzia jakitea bakarrik falta zitzaigun; Orixoleko kideok elkartu ginen Udalarekin, eta Udala ere gertu agertu zen. Azkenean, nik uste dut denentzat ona izango dela".

Lasterketaren ezaugarriak

Korrika egin beharreko bost kilometrorekin hasiko da lasterketa, hamasei kilometro egingo dituzte gero mendiko bizikletan, eta beste kilometro eta erdi lasterka, amaitzeko: "Lehenengo sektorean Murura igoko gara. Ibilbidea nahikoa gogorra izango da. Hasieran nahikoa igoera pikoa du; hori bai, igoera garbia da, ez dago harri arterik-eta, hasieran pista eta gero sendatxo bat. Gero, jaitsierako hasierako 500 metroak nahikoa teknikoak izango dira, eta, lasterketa azaroan izanda, lokaztuta egon daiteke. Ondoren pistan sartu eta Untzillara iritsiko gara berriro. Bizikleta hartu eta Asensiomenditik bi itzuli izango dira bigarren zatia. Lehen zatiaren ezaugarriak ikusita, apur bat sufritzea tokatuko da hasieran, bizikletarako aldaketagatik. Dena dela, bidea bera, pinuak-eta mozten ibili direnez, ondo jarrita dago, eta euria egin arren ez da oso lokaztuta egongo. Azken sektorea izango dira kilometro eta erdi korrika: ermita ingurura igoko gara Muru aldean, bueltatxoa eman eta helmugara".

Lasterketa bakarka zein binaka –bikoteko kide batek korrikako zatiak eta besteak bizikletakoa– egin ahalko da. 150 parte-hartzaile izango dira gehienez, eta izena kirolprobak.eus helbidean eman daiteke.

Boluntario lanetarako, berriz, 50 lagun inguru beharko dituzte, eta Iker Beitiak dio asko eskertuko luketela jendearen laguntza: 679 13 65 31 zenbakian eman daiteke izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak