Auzoen eta Ibarraren arteko autobus zerbitzua hobetu dute

Julen Iriondo 2019ko uzt. 5a, 13:34

Orain arte Arrasaterako edo Gasteizerako ordutegiei lotuta zegoen auzoen eta Ibarraren arteko autobus zerbitzua; orain, ordea, aukera handitu du Aldundiak, irteera ordu ugarirekin. Dena dela, zerbitzua erabiltzeko, erreserba egin beharko da aurrez.

Arabako Foru Aldundiak autobus zerbitzu berria jarri du martxan Aramaioko auzoak eta Ibarra lotzeko. Lehengoa hobetu egin dute horrela, Lierni Altuna alkatearen arabera: "Orain arte egon da Ibarratik ateratzen diren Arrasaterako edo Gasteizerako autobusen ordutegiari lotuta. Guk dakigula, bailaran, Oleta alde batera utzita, apenas erabili da, eta orain egin dutena da hobetu, eta medikuarenera edo erosketetara joateko, ordutegi batekin, autobus linea orokorretik kanpo aukera eman".

Autobus zerbitzuak ordutegia izango du, bai: astegunetan, 06:50ean hasita eta 21:15ak bitartean, hamar irteera ordu ditu auzoetatik eta beste hainbeste Ibarratik; asteburuetan, berriz, zortzi irteera ordu, 08:00ak eta 20:25 artean. Dena dela, ordutegia izan arren, zerbitzua erabili ahal izateko ezinbestekoa da bezperan, iluntzeko 20:00ak baino lehen, erreserba egitea –asteburuetan, 15:00ak aurretik–: www.araba.eus/alavabus helbidean edo 945-18 20 60 zenbakian egin behar da.

Oletarrak, gabe

Aramaioarrek orain arte askorik erabili ez izan arren, alkateak positibo jotzen du Aldundiak zerbitzua hobetu izana eta herritarrek erabiltzeko aukera zabalagoa izatea; animatu egiten ditu, gainera. Tamalez, ordea, gehien erabili izan duten oletarrak, Aramaiorako bai baina Otxandiorako lotura egiteko modurik gabe daude, zerbitzua eskaintzeko inor ez delako aurkeztu: "Hor dugu lana egin beharra, ea topatzen dugun inor oletarrei zerbitzu hori eskaintzeko, eta Legutiorekin ere ari gara hizketan horretarako. Oletarrentzat, Ibarra baino gehiago, Otxandio da euren herrigunea", dio alkateak.

Bidaia bakoitza euro bat eta 70 zentimo kostako da BAT txartelarekin, eta bi eta 50, txartelik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak