Jesus Zabala: "Herrian ikusten diren gauza gehienak Julian Unzuetak mugituta egin ziren"

Julen Iriondo 2019ko mai. 29a, 14:43

Julian Unzueta, 1972 eta 1979 artean Aramaioko alkate izandakoa hil zen atzo, 89 urterekin. Oso pertsona maitatua herrian, seme kuttun izendapena jaso zuen duela bi urte, EAJren udal taldeak proposatu eta udalbatza osoaren adostasunez.

Omenaldi polita egin zioten 2017ko urrian, Aramaiorentzat egindako lana eskertuz. Lana, garai zailetan, gainera, Jesus Zabalak gaur bertan eta Lierni Altuna alkateak omenaldi egunean azaldu bezala; kalte pertsonalik eragin ez zuen lehergailua ere jarri zioten etxean. 

"Bere alkate denbora oso garai latza izan zen. Gorabeherak izan zituen gobernadorearekin. Tellamendiko gurutzean lehergailua jarri zutenean, akordio gogor batzuk hartu genituen osoko bilkuretan; eta gobernadoreak ez zituen akta haiek onartu nahi, eliminatu egin nahi zituen, eta bi edo hiru aldiz, behintzat, Gasteiza eraman gintuen udaletxe osoa", zioen Jesus Zabalak.

Eta Lierni Altunak horren harira, berriz: "Tellamendiko gurutzearenarekin izan zuen ausardia hori, nola egin zien aurre, eta herri mugimendu hori bere gain hartu izan hori asko baloratzen dut. Eta gauza denen gainetik oso gizon umila dela, langilea eta umila".

Eta Unzuetaren izaeraren gainean, Zabalak: "Izaera oso onekoa izan da; kargu bat eramateko asko aguantatu behar da, baina berak oso ondo eramaten zuen: nik inoiz ez dut ikusi postura txar baten".

Bere umiltasunaren adierazgarri, izan zuen erreakzioa, seme kuttun izendatu behar zutela esan ziotenean: "Alkateari esan nion: 'Gusturago esango nizuke ezetz, baina badakit askok ez dutela hori onartuko, eta aurrera", zioen Unzuetak 2017ko ekainean.

Baina izendapena guztiz merezitakoa izan zen Jesus Zabalaren ustez: "Alkate sartu zen garaiaz gero, herrian ikusten diren gauza gehienak berak mugituta egin ziren. Diputazioarekin bazuen harremana, eta, alkate sartu zenean, Diputazioko presidenteari baldintza moduan jarri zion Santa Agedarako bidea zabaltzeko". 

Horrekin batera, Aramaion "ume denak erdaraz" entzuten zituela-eta, adibidez, euskarazko hezkuntzaren bultzatzaileetako bat ere izan zen Unzueta. Herriko mugetatik at, Bergarako Alkate Taldeko kide izan zen, eta arabarren ahotsa eraman zuen mugimendu hartara. Arabako diputatu ere izan zen, EAJrekin. Julian Unzuetaren aldeko hileta bihar, eguena, izango da, 19:00etan.

 

Erlazionatuak

Julian Unzueta hil da

Julen Iriondo 2019 mai 29 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak