ALBISTEAK

Arabako Batzar Nagusietan kuadrilla denak ordezkatuta egotea nahi du EAJk

Julen Iriondo 2019ko mai. 5a, 16:31

Hauteskundeetara begirako ekitaldia egin dute jeltzaleek goizean Aramaion. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi du sortutako 13.000 lanpostuak izan direla "agintaldiko zifra", eta beste 10.000 agindu ditu datorrenerako.

Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Lurralde Jareetako hautagaitzako buru Pilar Garcia de Salazar izan da hitza hartzen lehenengoa. EAJ lehen aldiz izan da alderdi bozkatuena Espainiako hauteskundeetan Araban, 40.000 botorekin, eta eskerrak eman dizkie, horregatik, arabarrei.

Adierazi du herriak, "txikienetik hasi eta handienera", eta haietako bizilagunak direla euren ekintza politikoaren ardatza, eta burututako lanaren errepasoa egin du: "Gogor lan egin dugu pertsona nagusiek leku gehiago egoitzetan eta etxeko gizarte zerbitzu hobeak izan ditzaten, Gasteiza joan beharrik ez edukitzeko; herritarrek eskualde mailako garraio publiko hobea izan dezaten, maiztasun handiagoarekin eta ibilbide gehiagorekin; gazteek erraztasunak izan ditzaten eskolako eta aisialdirako garraioan; gogor lan egin dugu herri eta industrialde denek izan dezaten banda zabala, landa gunean aktibitatea eta garapena sustatuz; suhiltzaile zerbitzu integrala edukitzeko, edonora 25 minutu baino gutxiagoan iritsiko dena; tokiko finantzazioa eta Obra eta Zerbitzuen Foru Plana hobetzeko, herrietako bizitza kalitatean aurrera eginaz; eta, noski, Trebiñu gero eta gehiago izan dadin Araba, arabarrak direlako".

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusi eta hilaren 26rako EAJren hautagaiak, berriz, adierazi du Arabak ez duela "extremismorik" nahi, "ez alde batekorik ez bestekorik", gaineratuz: "Arabak elkarrizketa, akordioak, moderazioa, kudeaketa ona eta emaitzak nahi ditu; hori da gure eredua, EAJren eredua”.

Eta datozen hauteskundeetan berriz irabaziko dutela iragarri du.

Araba duela lau urte baino "askoz hobeto" dagoela adierazi du: Garoña itxi zela; 13.000 lanpostu sortu dituztela; enpresak berriz ari direla herrialdean inbertitzen eta kokatzen; "hegoak moztu nahi" izan dizkioten Foronda indartu dutela, bidaiarientzako hegaldi erregularrekin, karga gehiagorekin, 24 orduko zerbitzuarekin eta "laster" izango duten terminal berrituarekin.

Aireportuari dagokionez, gainera, hobetzeko lanean jarraituko dutela agindu du, "behar den lekuan negoziatuz eta akordioak eginaz", Forondak izan behar duelako, Gonzalezen esanetan, "etorkizuneko euskal aireportu handia, gure nazioarteko aireportua". Euren "konpromisoa" hori dela azpimarratu du.

Beste konpromiso batzuk ere hartu ditu: beste 10.000 lanpostu sortzea, adibidez. Eta Arabaren etorkizunak "berrikuntzan, talentuan eta lidertzan" oinarritu behar duela esan du, baita landa guneetan ere, "aktibitate ekonomikoa bermatuz eta biztanleria berreskuratuz". 100 milioi euro iragarri ditu eskualde mailako errepideak hobetzeko, eta hitz eman du lan egingo dutela herri denek, kuadrilla denek, izan dezaten ordezkaritza Batzar Nagusietan, egungo barrutien banaketa aldatzeko urratsak eginaz. Hizlari denek nabarmendu dute horren beharra.

Azkenik, Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Susok hitz egin du, eta PPri egotzi dio "erdizkako egiekin eta demagogian" ibiltzea, eta gaineratu du, gainera, hura dela ezker abertzaleak nahi eta hartu duen "konpainia", EAJren "kontra joateko"; azaldu du, PPk eta EH Bilduk 130 aldiz bozkatu dutela batera Eusko Legebiltzarrean, "astean behin".

Hizlarien artean ez, baina ekitaldian izan da, baita ere, Pedro Elosegi, EAJren Aramaioko alkategaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak