Mendeetan atzera, aurrera egiteko

Julen Iriondo 2019ko mai. 3a, 17:22

Pinudiak gaitzak jota edo mehatxupean, bestelako baso kudeaketa baterako proposamenik bada Aramaion. Bertako espezieak eta baso mistoa aldarrikatzen dituzte Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek, baita ekoizpenerako ere.

Markel Arriolabengoa baso ingeniaria da, eta XVIII. mendeko bigarren erdiko Aramaioko Udalaren ordenantza du hizpide: "Ezin ziren landare gazteen inguruan sasiak edo ginarra kendu, babesa direlako landare harentzat. Gauza agerikoa da hori, baina, gaur egun, ahaztu egin zaigu. Gaur egun, desbrozatu egiten ditugu basoak, eta gero arbolei plastikozko babesak jarri; ezagupen baliotsuak galdu ditugu". Emagin landare deitzen dituztenen garrantzia azpimarratzen du, horrela; sortzen ari diren haritz edo pagoak ganaduarengandik babesteko, adibidez, inportanteak.

Adibide bat baino ez da, adibide sinple baina grafikoa.

Eraginkortasunaren, praktikotasunaren, etekinaren –txintxinaren ikuspegitik– izenean, basogintza modu batzuk nagusitu dira azken hamarkadetan: monokultiboak, matarrasa...

Baina aldaketa garaia da; edo, behintzat, garai aproposa liteke aldaketarako. Berez datoz zenbait: gero eta gehiago dira izena ematen dioten zuhaitzen artean bestelako espezieak, bertakoak, ere badatozkion pinudiak. Horrelako bat –azken urteetan lanik egin ez zaion pinudi bat– begien aurrean –Mariarka inguruan–, beste batzuentzako ez baina eurentzako pozgarri den horren gaineko azalpena baso ingeniari aramaioar gazteak: "Biodibertsitatean dabil irabazten azkenaldian asko basoa; pinudi asko bere horretan uzten ari dira, jabetzaren belaunaldi aldaketagatik edo errendimendu ekonomikoa asko jaitsi delako. Eta ikusten da nola irteten diren arbolak, urkiak, gereziondoak... Arbola pila bat irteten dira berez. Forma zuzenak ez dituzten pinu asko ikus daitezke, baita ere, bakanketarik ere ez delako egiten, eta, hala, pinu batzuk apurtuz doaz, ustelduz, eta horrek biodibertsitate handia eman dio basoari, eta ikusten da animalia askoren populazioak ere gora egin duela. Okil beltzak, adibidez, egoera honi esker egin du aurrera, eta, egun, intsinis sail zaharretan ere ikus daiteke".

Txin-txinari muzin egin gabe, beste gauza askori ere begiratzeko garaia da Markel Arriolabengoa eta haren sozio Iñaki Etxebesteren arabera, iraunkortasun irizpideak erdigunean jarriz –baita etekin ekonomikoari dagokionez ere–.

Pinua: arrakasta eta gainbehera

Iñaki Etxebeste –Aramaion bizi da, sortzez arrasatearra– biologoa da ikasketaz; urteetan Europan basoarekin lotutako ikerketan ibilia, berea da aurreko mendean inguruotako lurrak intsinis pinuz betetzea ekarri zuen fenomenoari buruzko azalpena; fenomeno haren goraldiarena, batetik: "Baserriko lanak utziaz eta fabrikara aldatuz joan zen jendea, eta, hor, atzean utzitako landa asko, soro asko, abandonatuta utzi beharrean, bere momentuan erabaki zen –Bizkaitik, batez ere, zetorren moda antzerako bati jarraituz– pinuaren aldeko apustua egitea, dirua azkar ematen zuelako. 70eko hamarkada inguru horretan, adibidez, diru asko sartu zen; besteak beste, goraka zetorren industriarentzako enbalajea behar zen, eta pinuak egur ona ematen zuen, eta horrek sorrarazi zuen egur industria bat, oraindik martxan dabilena".

Baina gainbehera ere iritsi da; izan daitezkeen bestelako faktoreez gain, aspalditxoan oso agerikoa da, adibidez, nola gorritu diren hainbat eta hainbat pinu sail, banda marroiaren ondorioz, galbidera eramanez: "Orduko soro haiek oso lur onekoak ziren; lehenengo belaunaldiko pinu horiek ondo etorri ziren. Baina ari gara hirugarren belaunaldia sartzen –laugarrena, Bizkaiko leku batzuetan–, eta ikusten da zertara iristen ari den. Europako herrialde batzuetan badago halako arau bat XIX. mendetik, esaten duena konifero basoek gutxi gorabehera 100 urteren bueltan pott egiten dutela; txanda motzekoen kasuan, intsinisarenean, 70-80 urte dira. Bada, 70-80 urte eman dituzte gure basoek, eta, sistema bezala, ikuspegi ekologikotik, gainbehera hori normala da".

Horren harira, uste zabaldua izan daitekeenari buelta ematen diote Etxebestek eta Arriolabengoak: "Gaitza da erakusten duena ereduak pott egin duela. Arazoa ez da banda marroia edo banda gorria izan, arazoa da basoak ez daudela indartsu, ez daudela osasuntsu, eta ez dutela gaitasunik gaixotasunei edo izurriteei aurre egiteko. Onddo horrek urte asko daramatza hemen, eta orain arte ez da halakorik gertatu. Basoan darabilgun kudeaketa ereduagatik lurrak-eta pobretzen ari gara; bestetik, monokultiboa da askotan, eta pinudietan pinu gehienak izango dira anai-arrebak, genetikoki oso-oso hurbilekoak, eta berdin erantzuten diete gaitzei; bati eragiten badiote, denei eragiten diete".

Monokultiboa izatearenak badu garrantzia, baina baita, esan bezala, basoetan lan egiteko moduak; matarrasa edo basoen arraseko mozketa egitean, lurrari propietateak galarazten dizkion moduak erabiltzen dira.

Matarrasak dakartzan arazoak

Lurra pobretzeaz gain, beste hainbat eragozpen ere baditu matarrasak; Markel Arriolabengoa: "Arraseko mozketa da arbola denak botatzea. Gainera, gurean aldapa handia dugu gehienetan, eta makinaria oso astuna erabiltzen dugu; pasako da orrazi moduan ezagutzen den makina eta landaretza dena eramango du aurretik, goroldioa balitz bezala. Orduan, sortuko ditugu aldapa batzuk edo baso batzuk lur bistan daudenak. Horrek dakar lur horrek galtzen dituela bere propietateak. Trinkotu egiten dugu, gainera, eta ez du ura erretenitzen; euria egiten duenean, ur jasa handiak doaz erreketara, errekak lokaztuz sarri. Ur hori akuiferoetara ez doanez, galdu egiten dugu – urtean zehar apurka-apurka emango luke, bestela, akuiferoak–. Gainera, lurrak goiko kapan duen esponja izaerarekin, urari eutsi eta erregulatu egiten du giroa, oso lehor dagoenean soltatuz eta heze dagoenean eutsiz. Baina lurrak egoera onean egon behar du horretarako".

Basoetan, lurraren 40 zentimetroko lehen geruza lurrazalean dagoena baino garrantzitsuagoa ei da; klima aldaketari begira, adibidez, 40 zentimetro horiek duten karbono metatze ahalmena zuhaitzena bestekoa edo handiagoa omen da.

Lurraren karbono metatze ahalmena, beraz, aintzat hartu beharrekoa; eta karbono metatze hori iraunkorragoa izango da bertako baso batean, ez hain ziklo gogorrekoa, txanda motzeko pinu baso batean –maiztasun handiagoz zuhaitzak ezabatzen zaizkiona– baino.

Errez eta bere eredua

Errez kooperatiba osatzen dute Markel Arriolabengoak eta Iñaki Etxebestek. Ingurumen arloko lanetan, aholkularitzan, ikerketan eta dibulgazioan jarduten dute –bihar, zapatua, irteera egingo dute Amillenaren programazioaren barruan, 12-20 urte arteko gazteentzat; 11:00etan, Santa Ana ermitan; aramaio. amillena@gmail.com helbidean eman behar da izena–: "Zerbait ohikoa izango litzateke baso jabe batek pinudia bota behar duela. Pinudia botatzeko aurkeztu behar da txosten bat esaten duena zenbat arbola dauden eta ze neurritakoak. Guk tasazioak egiten ditugu; eta aholkularitza ere bai, pinudia bota ostean jabeak gauzak desberdin egin nahi baditu, bertako espezieak edota baso mistoa jarri nahi badu".

ADIN DESBERDINEKO ZUHAITZAK, ETA DENAK BATERA MOZTU BEHARREAN, TXANDAKATUZ

 

Gauzak "desberdin", dio Arriolabengoak; izan ere, euren gustuko baso eta kudeaketa ereduak baditu ezaugarri jakin batzuk: "Bertako basoari utz diezaiokegu jaiotzen, irteten, eta gestionatu dezakegu baso bat espezie aldetik aberatsa dena, heterogeneoa dena, adin aldetik ere bai, eta joango ginateke mozketak egiten zortzi-hamar urtean behin. Botatzerakoan, ez genituzke arbola guztiak batera botako; hektarea bakoitzeko 300 arbola bota beharrean, botako genituzke 20-30. Edukiko genituzke etekin ekonomiko batzuk askoz jarraituagoak denboran, basoari eragingo genioke askoz kalte txikiagoa, atera ahalko genituzke kalitate desberdinetako egurrak –oso preziatuak, merkeak…– eta edukiko genuke baso bat askoz aberatsagoa".

Jabeek nola ikusten dute

Jabetza pribatuaren kasuan, "belaunaldi berrietan, jende askok" gauzak beste era batera egiteko gogoa duela dio Iñaki Etxebestek, baina badela beste sektore bat "etekinera ohituta" dagoena, "etekinak eta epe motzean" jasotzera ohituta dagoena: "Adibidez, eukaliptoak oso etekin handia ematen du, ekonomikoki oso zaila da parekatzea –ahal da, baina oso zaila da, eta lan karga handiagoa behar du–, eta zabaltzen doa, batzuk nahi dutelako dirua atera orain eta ahaztu hurrengoaz. Guk uste dugu hori aldatu egin behar dela. Jabe horiek ohartu behar dira euren jabetzaren kudeaketa horrek ze eragin duen".

ETEKIN EKONOMIKOA ALDIKO TXIKIAGOA BAINA DENBORAN JARRAITUAGOA LITZATEKE

Eta bertako baso mistoa ere bada, gainera, inbertsioa, baita ekonomikoki ere, Etxebesteren esanetan: "Esango dizute: 'Jartzen dugu ez dakit zer baso orain, eta zeinek ikusi behar du diru hori?'. Baina, epe motzera, ia pinuen epe berean, etekin batzuk sortuko dira, eta hortik aurrera etekin horiek, tantaz tanta, bestearen mailara hel daitezke, baita gorago ere. Txip aldaketa hori behar dugu. Ez dena izango da 15-20 urte eta kolpera diru pilo bat, 15-20 urte eta kolpera diru pilo bat... Baina, jakin behar dute, orain arte moduan jarraituz gero, bizpahiru aldiz aterako dutela dirua, baina laugarrenik ez dela egongo; eta hor sartu beharko duen inbertsio maila izango da hain handia, ezin izango da ezer egin, ez du etekin gehiago aterako. Beste ereduak bermatzen duena da jarraikortasuna, ez dela izango 100 urteko kontua, izan daitekeela 200-400-500 urteko kontua".

Ikerketak, hainbat esparrutan

Baso kontuetan ikerketak egiten dituzte Errez kooperatibakoek: adibidez, Hazirentzat, klima aldaketak pagoen hostoberritzea nola bizkortzen duen. Baina bestelako lanak ere egiten dituzte: Arabako Aldundiarentzat, adibidez, liztor beltzarekin lotutako bat.

Eukaliptoa, debekatuta

Hilaren 20ra arte jendaurrean da – alegazioak aurkezteko aukerarekin– Aramaioko udalbatzak martxoan hasierako onarpena emandako Plan Orokorraren bigarren aldaketa puntuala. Hor onartu zuten udalerrian eukaliptoa landatzea debekatzea. Basoen batzordeko buru Jon Ugarteren arabera, "ingurumen inpaktu handia du, urean zein lurrean, eta animalia askorentzat ez da egokia; bestetik, sua errazago hartzen du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak