HEMEN DEBAGOIENA

Ilusioa Aramaioko Uribarrin, Korrika bertatik pasako dela-eta

Julen Iriondo 2019ko api. 4a, 11:07

21. Korrika, bai, pasako da Aramaiotik, eta Ibarratik ez ezik, baita Uribarritik ere –eta Oletatik–. "Bizitzan gutxitan gertatuko den zerbait da", dio Aizpea Ajuriagerrak; berezia izango da auzokoentzat. Udalerriari dagokionez, ekintza ugari antolatu dituzte.

Hilaren 14an, zapatutik domekarako gauean, goizaldera, pasako da Korrika Aramaiotik. Oletatik iritsiko da Kruzetara, eta handik Ibarra aldera; bide nagusitik barik, ordea, Uribarrin barrena iritsiko da herrigunera –Gureia auzunetik behera–. "Auzotik pasatzea aurten nobedadea da, eta oso pozik hartu du jendeak, polita izango da Korrikak gure auzo osoa zeharkatzea", dio Aizpea Ajuriagerrak. Kilometroa erosi dute auzotarrek, eta astean ziren erabakitzekoak norena izango den lekukoa era-mateko ohorea: "Jende asko dago eraman nahi duena".

Egokitu zaien orduak, beraz, ez die atzera eragin: "Egun berezia da; bizitzan gutxitan gertatuko da gure auzotik pasatzea, eta jendea prest dago, zapatu gaua izan arren eta 02:30ak izan arren, Korrikari itxoiteko".

Erronka ez da, dena den, uribarritarrena bakarrik, aramaioar guztiena baizik. Jende askorentzat errazenak diren orduak ez, eta kilometro asko, gainera, betetzeko; izan ere, aurtengo Korrikak hamalau kilometro izango ditu herriko bideetan zehar. Hainbat aste daramatza lanean Korrika batzordeak, eta lortu dute hamalau kilometro horietatik gehien-gehienak osatzea: hainbat izan dira osoa erosi dutenak –eskola eta guraso elkartea; Txirritola; Udala...–, eta beste askok ere egin dute diru ekarpena, norbanako eta eragile baten baino gehiagoren artean osatuz beste zenbait kilometro: "Oso ondo joan da", dio Korrika batzordeko kide ere baden Aizpea Ajuriagerrak.

Eta aurreko lanak eginda, motorrak berotzen joateko garaia iritsi da; hainbat ekintza antolatu dituzte, asteburu honetan bertan hasita izango direnak: bihar, barikua, Dantza pelikula emango dute kultura etxean, 22:00etan –Telmo Esnal zuzendaria bertan egongo da–; domekan, berriz, Fermin Muguruzaren Black is beltza emango dute leku berean, 19:00etan.

Hurrengo asteburura pasata, barikuan Korrika Txikia egingo dute 15:00etan, eta txokolatada ondoren. Zapaturako iragarri dituzte ginkana herrikoia –11:00etan– eta Korrika jaialdia –18:00etan–: "Ginkanan askotariko adinetako lau eta sei pertsona arteko taldeak izango dira –ume zein nagusientzako da–, eta euskararekin lotutako hainbat jolas egin beharko dituzte; inor talderik gabe badago, ager dadila plazan eta sartuko da bateren baten"; arratsaldeko jaialdian, berriz, herriko taldeek parte hartuko dute, eta lagun arteko pilota txapelketako finalak ere izango dira, gauean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak