Hauteskundeak izango dira apirilean eta maiatzean; eta, horien bueltan, alderdiek propaganda ugari bidaliko dute etxeetara. Bada, ba al dakizu propagandarik jaso gura ez duzula eska dezakezula? Apirilaren 28ko hauteskundeetako hautesle-erroldak ikusgai daude, erreklamazioak egin ahal izateko, martxoaren 18ra arte; propagandarik ez bidaltzeko egin behar den eskaera ere egun horretarako egin beharko da.
Propagandarik ez jasotzeko eskaera erroldatuta zauden herriko udaletxean egin beharko da –inprimaki bat beteta–, edo internet bitartez INEko atarian –DNI elektronikoa behar da horretarako–.
Martxoaren 18ra arteko epea
Hurrengo hauteskundeak apirilaren 28an izango direnez, dagoeneko ikusgai daude hautesle-errolden zerrendak –erreklamazioak egiteko epea zabalik dago–. Martxoaren 18ra arte daude zerrendak jendaurrean ikusgai. Bada, zerrenda horietatik zure izena kentzeko epea ere bera izango da: martxoaren 18ra artekoa.
Udal eta foru hauteskundeak, maiatzean
Maiatzean beste hauteskunde batzuk egingo dira, udal eta foru hauteskundeak. Horietan ere hautesle-erroldak jendaurrean jarriko dituzte ikusgai eta horietan ere egongo da aukera zure izena hautesle-erroldatik kendu eta propagandarik jaso gura ez duzula eskatzeko.