Ander Fernandez Pacheco: "Ikuskatzaile pila bat egoten dira partiduetan"

Julen Iriondo 2019ko mar. 7a, 13:03

Aretxabaletatik Beasainera joan zen iazko neguko merkatuan; Amorebietak fitxatu zuen aurtengo denboraldirako, eta duela aste batzuk iritsi da Sestaora, utzita.

Musakolan egin du hitzordua GOIENAk 23 urteko aurrelari aramaioarrarekin. Bere lehen kluba izan zen Mondraren zelaiaren eta padel kantxen artean izan da elkarrizketa –telebistarako grabaketa aprobetxatuz–.

Padelerako zaletasuna ere baduzu.

Bai, arratsaldeak libre ditudanean gustatzen zait gelakoekin padelean jokatzea.

Sestao Hirugarren Mailan dabil; ez dago, beraz, beste kirol batzuk egiteko bateraezintasunik.

Denbora atera behar da, astean lau egunetan entrenatzen gara eta. Baina, bestela, uzten digute eskiatzen, padelean egiten edo beste edozein kiroletan aritzen.

Zenbaterainoko gauza serioa da, zuretzat, futbola gaur egun?

Nik serio hartzen dut. Konpromiso handia da; gainera, Sestaok, Riverrek, badu izen bat, eta domeketan mila lagun, gutxienez, joaten dira futbol zelaira, eta serio hartu behar da, ze jendeak asko bizi du futbola. Nik, pertsonalki, dena uzten dut zelaian, saiatzen naiz kontzentratuta egoten 90 minutuetan, eta serio hartzen dut, bai.

Etorkizunari begira, zer nahi zenuke zuretzat futbola izatea? Eta zer uste duzu izan daitekeela?

Gorago heltzea zaila da, ze maila handia dago. Sestaora joan aurretik Bigarren B Mailan egon naiz, eta urtebete lehenago Aretxabaletan jokatzen ari nintzen; pauso bat eman dut, hortik aurrera egitea zaila dago, baina ni saiatuko naiz dena ematen, eta, gorago heldu badaiteke, aurrera.

Aretxabaletatik Beasainera joan zinen, Hirugarren Mailara, eta orain maila berean zaude; baina, zure aspirazioei begira, gauza bera da Beasainen edo Sestaon egotea? Hala Bizkaiko klub batean jokatzea, Sestaok duen tradizioarekin, talde handiagoekin izan ditzakeen loturekin... pauso bat izan daiteke?

Uste dut baietz. Nahiz eta azken urteetan Beasain goian eta play off-etan sartzeko aukerarekin ibili den, Sestaon ere aurten aukera izango dugula uste dut, eta, gainera, da klub bat beti egon dela Bigarren B Mailan, Bigarren Mailan ere egon da, eta aurrerapauso bat da.

Eta ez dakit Bizkaian gehiago jarraitzen ote zaituzteten beheko kategorietako jokalariak-eta... Agian, handikeria bat esatea da, baina, adibidez, Athleticek berak duen filosofiagatik, ez dakit jarraipena gertukoagoa den.

Bai, agian bai. Bakarrik ikusita Bizkaian nola bizi duten futbola... Diruaz berba egiten badugu, adibidez, gehiago mugitzen da...

...eta Athletic hor dago, etxeko jokalariz bakarrik hornitzen den klub bat...

...Tokero ere bertatik irten zen...

... Koikili bera...

Bai, batzuk badaude. Eta ikuskatzaile pila bat egoten dira partidu bakoitzean, bai.

Sestaora utzita joatea garbi izan zenuen? Amorebietan entrenatzaile zenuen Iñigo Velez saiatu zen konbentzitzen gera zintezen.

Jokatzen hasi nintzen, baina utzi egin nion gero. Hala ere, esan zidaten gustura zeudela nirekin; Hirugarren Mailako beste hiru talderen eskaintza ere banuen, eta esan zidaten aukera bakarra zela utzita joatea. Ze urtebeterako sinatu nuen Amorebietarekin, baina esan zidaten beste urte bat luzatuko zidatela, eta denboraldi amaieran hara itzuliko nintzela.

Ezin hobeto, minutuak Sestaon eta ziurtatuta Amorebietara itzultzea.

Hori da. Duela hilabete iritsi nintzen Sestaora, jokatzen nabil hasieratik eta, gainera, golak sartzen. Uste dut aukera ona egin dudala, eta orain, futbolean gozatzea tokatzen da.

Amurrioren kontra debutatu zenuen, eta gola.

Bai, 0-3 irabazi genuen, eta lehenengoa sartu nuen. Eta bigarren partiduan, Bermeoren kontra etxean, 2-0 eta biak sartu nituen. Hasiera ezin hobea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak