2.156.850,84 euroko aurrekontua onartu du Aramaioko udalbatzak 2019rako

Julen Iriondo 2019ko mar. 6a, 15:02

%3,81 hazi da iazko ekitaldirako onartu zenarekiko; musika etxearen lanek eragindakoa da, batez ere, igoera. EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin egin du aurrera aurrekontuak.

 

"Igoera da obra potoloa aurreikusten delako, Foru Planaren laguntzarekin egingo dugun musika etxea –beste zati bat guk jarri beharko dugu edo beste laguntzaren bat lortu–; eta inbertsio nahikoa politak daude: eskolako arrapalaren bigarren zatia egin [27.000 euro]; mendiko mantentze eta hobetze ekimenekin jarraitu [100.000 inguru]… Gero, dirulaguntzak eskatu ditugu –ez dakigu emango dizkiguten– Zalgoko bidea konpontzeko [35.000], Etxaguenen auzolana egiteko horma batekin [23.000]…”, zioen Lierni Altuna alkateak aurrekontuaren edukiez.

Beste inbertsio batzuk izango dira: Ibarran led argiak jartzen bukatzeko (15.000); turismoarekin lotutako seinaleztapena egokitzeko (13.000); parke txikiko lanen bigarren fasea egiteko (15.000)...

Diru sarrerei dagokienez, balio katastralen eguneratzeak, adibidez, ekarriko du igoera txiki bat, baita zaborraren eta uraren eta saneamenduaren ordenantzak berritu izanak ere. Aldunditik eta durulaguntzetatik ere iaz baino gehiago jasotzea espero dute. Gastuei dagokienez, udal langileen soldatak %2,25 igoko dira Eudelen irizpidea jarraituz, eta lanpostuen azterketa ere egin dute, eta horrek ere eragingo du soldatak egokitzea.

2.156.850,84 euro, 246.962,02 musika etxerako

 

EAJk alkateari egotzi zion aurrekontuaren lanketa batzordez batzorde egin ez izana: “Ez da galdetu ere egin: ‘Zer litzateke kultura batzordekoen ustez lehenetsi beharrekoa datorren urteko aurrekontuetan? Edo zenbat dirurekin?’. Ez, hau zure kabinetean di-da egin duzue eta aterako duzue zuen gehiengoarekin, baina ikusten da zer nolako jarrera duzuen”, zioen Roman Berriozabalek.

Gauzak bestela ikusten ditu alkateak: “Ni urte osoko ekarpenak eta beharrak joan naiz jasotzen batzorde buru, teknikari eta abarren partetik. EAJk dioen moduan batzordeka landu daiteke aurrekontua, edo ez, jasotzen joan eta dena orokorrean landu. Egiteko era desberdinak dira".

Alkateak, gainera, EAJko zinegotziei egotzi zien batzordeetan parte-hartze txikia eduki izana, eta euren kexak osoko bilkuran aurkeztea, aurrez ekarpen edo iradokizunik egin gabe. Zentzu horretan, Berriozabalek ukatu egin zuen batzordeetan lan gutxi egin dutenik, eta, euren ekarpenei dagokienez, Gobernuari gogorarazi zion behin eta berriz eskatu izan duela batean eta bestean barreiatuta dauden pintura lehiaketako koadroen inbentario bat egitea. Alkateak erantzun zion eurak beti agertu direla gertu, adibidez, udal eraikinetan daudenena udalbatzako zenbait kideren artean egiteko; ez du ikusten lan horretarako diru kopuru bat gorde beharrik, EAJk, ordea, bai.

Egoera ekonomikoari dagokionez, Aramaioko Udalak ez du une honetan ez zorrik ez eta inongo mailegurik ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak