Lagun arteko pilota txapelketa, lehenengoz

Julen Iriondo 2019ko ots. 14a, 14:40

Aramaio Pelota Elkartea ari da antolakuntza lanetan; martxoan hasiko da eta apirilaren 13an jokatuko da finala, Korrika herrira iritsi baino ordu batzuk lehenago –propio jarri dute–; aurtengoaren ostean txapelketak jarraipena izatea da asmoa.

"Herriko gazte batzuek gogoa genuen txapelketa antolatzeko; zuzendaritzakoei komentatu genien, eta horrela sortu da", dio antolakuntzan ari den Jon Herrartek –pilota elkarteko monitorea da–. Lehen aldia da Aramaion halako bat antolatuko dutena; Herrarteren arabera, duela urte batzuk Euskal Herri mailan egin zen antzerako bat, eta bertan parte hartu zuten aramaioarrek ere, baina herrian bertako lagun arteko txapelketarik ez da orain arte egin; azken urteetan, behintzat.

Eta ematen du harrera ona izango duela txapelketak: "Kuadrillan-eta oso ondo hartu da txapelketaren kontua; gustura daude, txapelketa baten gogoa zuten, bikoteak-eta sortzen badabiltza eta espero dut txapelketa polita aterako dela". 16 urtetik gorakoentzat da txapelketa; Herrarteren esanetan, herriko gazteen artean badago pilotarako zaletasuna: "Lehen jokatu izan duen jendea da, gehienbat, baina bestelakoak ere animatu dira. Badago zaletasuna, bai; kuadrilla askotan. Hasi 16 urtetik eta 30 ingurura arte jende asko dago, eta hortik gorakoak ere batzuk bai".

Izan ere, pilota izan da urteetan Aramaioko kirol nagusietakoa: "Futbol eskolarik ez dago, eta kirol batean aritzeko aukera bakarretakoa pilota izan da Aramaion, eta txikitan gehienak ibili dira pilotan [mutilak; gaur egun, neska batzuk ere ari dira], nahiz eta gero askok ez jarraitu".

Hainbatentzako, beraz, berriz ere pilotan murgiltzeko aukera izango da oraingoa, eta aspaldian jokatu gabeko bat baino gehiago egongo dela ere kontuan izango dute jokorako pilotak aukeratzeko orduan: "Pilota goxoa izango da, 90 gramo ingurukoa eta nahikoa biguna; jendea ez dago ohituta pilotan asko egitera, eta, beraz, eskuak ez mintzeko ea topatzen dugun pilota egoki bat".

Izena emateko, aramaiopelota@gmail.com helbidera idatzi behar da edo eguaztenez –18:00ak eta 21:00ak artean– edo egubakoitzez –17:00ak eta 19:00ak artean– frontoian azaldu. Otsailaren 28a da apuntatzeko azken eguna; 10 euro ordaindu behar dira, bikoteko. Partiduak egubakoitz arratsaldeetan –18:00etan hasita– edo zapatu eguerdietan –12:00etatik– jokatuko dira; izena ematerakoan zehaztu behar du bikote bakoitzak, hasiera batean, ze aukera datorkion hobeto. Ligaxka erara izango da txapelketa.

Aurtengoaren ostean, txapelketa antolatzen jarraitzea da asmoa, antolakuntzak giro ederra espero baitu, kantxan zein harmailetan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak