Puntu guztiak aho batez onartu ditu udalbatzak urteko azken osoko bilkuran

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 28a, 11:52

Atzo, eguena, egin zuen urteko azken osoko bilkura Aramaioko udalbatzak. Hainbat puntu onartu zituzten, besteak beste, Euskara Plana, 2019ko ordenantza fiskalen aldaketa batzuk eta dispertsio politikaren aurkako adierazpena.

Lehenik, udal langileen aldi baterako ezintasun egoeraren hobekuntzen dekretua onartu du udalak. "2012an aparteko ordainsari bat kendu zuen Rajoyk dekretu baten bidez eta orduko hartan galdutako eskubide horiek berreskuratzen saiatzen ari gara. Udaletxe honek bere momentuan hartutako erabaki baten bidez, lortu zen formula bat gaixotasun baja lehenengo egunetik %100 ordaintzeko. Eusko Jaurlaritzak ere atera du dekretu bat langileei hori bermatzeko, eta guk ere onartu dugu", adierazi du Lierni Altuna alkateak.

Eguneko landa zentroa kudeatzeko zerbitzu kontratua esleitzeko espedientea irekitzea izan da beste puntuetako bat. "Eguneko zentroa eramaten duen enpresak ekainera arte dauka kontratua, lau urte egingo ditu ekainean, eta martxan jarri behar da kontratu berria egiteko bidea. Kasu honetan Arabako Foru Aldundiarekin koordinatuta egin behar denez, espediente irekiera onartu dugu, horrekin lanean hasteko".

Euskara planari dagokionez, 2019-2022 aldirako plana da onarturikoa, "euskararen erabilera hobetzeko", alkatearen esanetan. "Nahiko egiten dugu, baina baditugu gauzak hobetzeko, hau etengabeko borroka bat da".

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aurrera eramateko parte-hartze programa ere onartu dute. "Lege berri batek parte-hartze programa arautzen du, eta batzar hori egin behar dugula onartu dugu osoko bilkuran. Beti egin izan ditugu batzarrak, baina orain modu formalean egingo ditugu".

Presoen urrunketa politikarekiko desadostasun adierazpena ere onartu du udalbatzak. "Dispertsioarekin amaitzeko Sarek proposamena egin zigun, beste hainbat herritan egindako moduan. Dispertsioak ez du inoiz zentzurik izan eta orain ere ez. Beraz, aho batez onartu dugu horren aurka gaudela".

Ordenantza fiskalen aldaketa

2019ko ordenantza fiskaletan aldaketa batzuk egitea erabaki zuen udalbatzak urriko osoko bilkuran, eta orain aldaketa horiek onartu dituzte. Aldaketa horietan daude, besteak beste, bideen erabileran KPI igoera, edota eraikuntza eta obretan salbuespen moduan sartzea lurrari dagokion drainatzea. Bestalde, babes ofizialeko etxeetan obrak egiteagatik orain arte egon izan den %50eko hobari kendu egingo dute. "Ni neu babes ofizialeko etxe batean bizi naiz eta uste dut ez dela justua nik %50 gutxiago ordaintzea obra bat egitearren, babes ofizialeko etxea ez den beste batean bizi den batek baino. Beraz, hobari hori kendu egin dugu", azaldu du Altunak. OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, 2019rako balio katastralak aldatu egin behar ditu Aldundiak. "Guk gure diru-bilketa ezin dugu jaitsi, baina kalkulu batzuk atera ostean, %0,50etik %0,48ra jaitsi dugu zerga hori". Azkenik, hobari bat gehitzea ere onartu dute, lehen sektoreko profesionalei laguntzeko.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak