Uztailaren 4an ekin zieten herriko txikienek, 12 urtera artekoek, Udalak antolatutako udalekuei. Hala, hiru astez izan dute aisialdiaz gozatzeko aukera eta egitarau zabala izan dute bitarte horretan. Ekintza guztien artean, badaude urtero errepikatzen direnak: gustukoenen artean dituzten zikinen edo uraren egunak, adibidez.
Bestalde, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ere izan dute Gazte Udalekuez gozatzeko aukera, soilik bost eguneko iraupena izan duten arren. Kasu horretan, ondo pasatzeko helburua alboan utzi gabe, gazteei irakatsi beharreko beste kontu batzuetan ere eragin du Iker Arriolabengoa arduradunak, izan ere, udalekuen xedea lehiaz kanpoko jarduerak egitea izan da. Hala, taldeka eta kooperazioan jolasten aritu dira gazteak, eta Anbotora eta Santikurtz kobara joateko zein erreka garbitzeko denbora ere izan dute. Asko ikasi dutela adierazi dute eta, lehenagotik elkar ezagutzen bazuten ere, harremanak estutzeko balio izan dietela udalekuek.
Balorazio positiboa
Haur eta nerabeak ez ezik, begiraleak eurak ere pozik azaldu dira egindako lanarekin. "Hamarreko balorazioa" egin du, esaterako, udaleku irekietako begirale Alaitz Gabilondok.
Udalekuak amaitu bai, baina ikasgelara bueltatu aurretik, oporrez gozatzen jarraitu ahal izango dute neska-mutikoek.