Konposta auzoetan, bakoitzak bere erara

Julen Iriondo 2018ko eka. 22a, 09:42

Formakuntza saioa egin dute Arexolan, eta, auzotar gehienek lehendik ere egiten duten arren, hainbat argibide interesgarri jaso dituzte Ingurumen teknikariaren eskutik; etxean konposta egiten dutenen zerrendan izena emateko ere gomendatu die.

Hondakinen kudeaketan aurrerapausoak emateko Aramaioko Udalak duen planaren barruan, auzoetan etxeko konposta egiten dutenentzako –gehiengoa– edo egin ahalko luketenentzako formazio saioa eta material eskaintza egiten ari dira azkenaldian.

Gorbeialdeko Ingurumen teknikari Jon Toña izan zen eguaztenean Arexolako elkartean auzotarrei azalpenak ematen. Datu orokor batzuk eman zituen aurrena, han bildutakoak Arabako egoeraz jabe zitezen; azaldu zuen, adibidez, Araban 418 kilo hondakin sortzen direla pertsonako urtean, eta kopuru horren %70 errefus moduan jasotzen dela, sailkatu gabe. Sailkatu gabe jasotzen den horretatik, berriz, %50 organikoa da. Horrek esan nahiko luke frakzio horren kudeaketa onak nahikotxo hobetuko lukeela kudeaketa panorama orokorra.

Ez dira Aramaiokoen moduko inguruneak –landa auzoak-eta– organikoaren kudeaketa ezegokiaren erantzule; horri dagokionez, Toñak Gasteizko kasua azaldu zuen: edukiontzi marroia jarri zutela, baina informazio kanpaina kaxkar bat eginda eta haren erabileraren kontrolerako inolako neurririk gabe –txipak, adibidez–. Horrek dakar organiko asko eta asko beste hondakin batzuekin nahastuta jasotzea, eta zati handi batek zabortegian amaitzea, ondorioz.

Aramaiokoak bezalako auzoetan, etxe asko eta askotan euren lurretan kudeatzen dute sortzen duten organikoa; ortuko pareta kontra batean, batzuek, eta bada etxean egindako konpostagailua erabiltzen duenik ere; etxeko animaliei jateko emanda ere desagerrarazten dute.

Egiten den hori hobetzeko tartea beti egoten da, ordea, eta Jon Toñak argibide interesgarriak eman zituen eguaztenean: adibidez, ez dela komeni belarra kopuru handian konposterako erabiltzea, geruza bat sortu, prozesua eten eta usainak sorrarazi ditzakeelako.

Bestalde, Toñak animatu zituen auzotarrak etxean konposta egiten duten zerrendan izena ematera, etorkizunean hobariren bat jasotzeko modurik balego, adibidez, lana aurreratuta izate aldera. Konposta egiteko materiala eskatzeko aukera ere badute auzotarrek bilerotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak