Gorbeialdeko bertso eskolek bat egin dute Aramaion

Iker Oñate 2018ko mai. 11a, 21:02

Hitzordu garrantzitsua zuten Gorbeialdeko bertso eskolek gaurkoan –egubakoitza–. Eta ez dute hutsik egin. 14 urtetik beherako bertsolariek hasi dute saioa; eta hortik gorakoek eman diote bukaera.

Bertsolari gazteek jende ugari erakarri dute Aramaioko kultura etxera. Guraso, anai-arreba, herrikide... Denak bertsoen erritmora. Finean, agertoki gainean jarduteko aukera eskaintzea zen hitzorduaren helburua. "Agertokira sekula igo barikoak ziren bertsolari asko. Eta bertsoarekin harremana izan duten lehen aldia izan da beste batzuentzat. Halako ekimenak lagungarri ditugu jendea bertsora erakartzeko", dio Peru Abarrategik, Aramaioko Bertso Eskolako irakasleak.

Helburu horrekin, Gorbeialdeko bertso eskoletako kideak gonbidatu dituzte saiora. Tartean izan dira Aramaioko, Legutioko, Gopegiko eta Izarrako neska-mutikoak. Eta 14 urte azpikoek hasi dute saioa: bertso eskolatik landuak zituzten bertsoak eskaini dituzte, taldeka. Talde ugarik esku hartu dute, batak bestearen segidan.

Ostera, zaharragoek jardun dute agertokian; inprobisatu beharra izan dute haiek. Oro har, banakako saioak izan dira nagusi, baina izan da binaka aritu denik ere –batak galde eta besteak erantzun–. Giro ona izan da nagusi; bertso eskoletako irakasleak zirikatzeko ere aprobetxatu dute zenbaitek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak