Ur parkea, 2018rako inbertsio nagusia

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 28a, 11:45

Atzo, martitzena, onartu zuen 2018ko aurrekontua Aramaioko udalbatzak, ez ohiko bilkura batean, aldeko sei botorekin –EH Bildu– eta aurkako batekin –EAJ–. Aurten 2.077.605,89 euro izango ditu Udal Gobernuak inbertsioetarako, iaz baino %2,7 gehiago. Halaber, inbertsio nagusia parke inguruan egingo den ur parke bat izango da.

Aurrekontuan %2,7 gehiago izango ditu erabilgarri Udal Gobernuak, hiru arrazoirengatik: argindar enpresak normalean baino diru gehiago emango dio Udalari; Arabako Foru Aldundiak ematen duen urteroko diru kopurua –TEEEF-a– ere apur bat igo da; 2018rako ez du inbertsio handirik aurreikusten –Gureiakoa bezalakorik, adibidez–.

Inbertsio nagusia ur parke bat izango da. Gaur egungo parkearen inguruan egitea da Udal Gobernuaren asmoa, nahiz eta oraindik ez den zehaztu non. 110.000 euro bideratuko dira proiektu horretara, eta  Aste Santutik bueltan martxan jarriko den prozesu parte-hartzaile baten bitartez, herritarren proposamenak kontuan hartuko dira.

Uda honetan ur parkea erabilgarri izatea ez du erraz ikusten Lierni Altuna alkateak, baina ahaleginak egingo dituztela azpimarratu du. "Parkearen erabiltzaileekin lantzen hastea gura dugu, guraso eta umeekin; planing bat egin eta plegua lantzen joan. Udara honetara begira, nahiko berandu gabiltza, baina ea uztailerako zerbait eginda egon daitekeen. Ez dakit zeintzuk izango diren epeak. Aste Santu ostean azeleragailua zapaldu beharko dugu", adierazi du. Lan hauek gaur egungo parkeko lurra eta beste hainbat gauza konpontzeko aprobetxatuko ditu Udal Gobernuak.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren erantzunaren zain daudela adierazi du Altunak, jakiteko ea diru-laguntza jasoko duten Barajuen auzoko proiektua eta Musika Etxearena aurrera eraman ahal izateko.

Lurgorri eta Murugain

Ingurumena-Mendiak sailari dagokionez, Lurgorri eta Murugain mendiak botatzea aurreikusten du Udal Gobernuak. "Mendiak bota egingo ditugu eta ostean landatu. Kudeaketa plana ere aldatzea nahi dugu, Gipuzkoa aldetik gaitza datorrelako pinuentzako. Basoan aldaketa batzuk egin beharko ditugu, izan ere, badirudi pinuak bere urterik onenak eman dituela", dio alkateak.

Konposta

Konpostaren aldeko apustua egiten jarraituko du aurten ere Udal Gobernuak. "Ibarran auzo-konpostaje bat daukagu, eta jendea zain dago beste bat jartzeko. Badaukagu zerrenda bat eta kanpaina bat egin gura dugu bigarren hori martxan jartzeko. Horrez gain, etxeko konposta bultzatzeko diru-laguntza bat jaso genuen. Beraz, auzoz auzo bilerak egingo ditugu, eta informazioa eta materiala erraztuko dizkiegu herritarrei".

Aurrekontuak prestatzeko irizpideak

Aurrekontu hauek prestatzerako orduan, herrian funtzionatzen duten gauzak mantendu, babestu eta indartzea izan du helburu Udalak, alkatearen esanetan, eta herritarren ekarpenak aintzat hartzen saiatu direla berretsi du.

Inbertsioak:

  • 10.000 euro. ERREPIDEETAKO BABES NEURRIAK ETA SEINALEAK.
  • 1.000 euro. UR KONTAGAILUAK.
  • 4.000 euro. MOTOBONBA.
  • 1.500 euro. KIROLDEGIKO GASTUAK + MATERIALA.
  • 15.306 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. BASOAREN MANTENUA. DURAKOGAIN, GATXIKARRO DESBROZE, PODA, KLAREO...
  • 14.520 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. BASO BIDEEEN KONPONTZEA KURTZETA, ASENTZIO.
  • 8.470 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. BASO BIDEEN INBENTARIOA, 2. FASEA.
  • 16.337 euro. HONDAKINEN KUDEAKETA HOBETZEN.
  • 33.275 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. LANDAKETAK: ASENSIO, MURUGAIN, LURGORRI.
  • 6.050 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. KUDEAKETA PLANA.
  • 5.000 euro. EUSKO JAURLARITZA. SORGINZUBI ARIZTIA KONPONDU.
  • 13.000 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. HONDAKINAK GUTXITZEN.
  • 57.605 euro. EUSKO JAURLARITZA. UDAL LAGUNTZA 2017. Eskolako patiora sartzeko arrapala irisgarria egiteko.
  • 34.828 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. OBRA TXIKIAK AZKOAGA BILTEGIKO BIDEA KONPONTZEA.
  • 29.665 euro. ARABAKO FORU ALDUNDIA. AUZOLANAK ARRAGA AUZOA AREKAK KONPONTZEA.
  • 4.500 euro. PLAN BEREZIEN 1. FASEKO DOKUMENTU ANBIENTALA.
  • 18.500 euro. UDAL ERAIKINEN KONPONKETA: Santana ermitaren teilatua eta egitura berriztea, segurtasuna bermatzeko.
  • 65.011 euro. FORU PLANAREN PROIEKTUA.
  • 12.529 euro. ETXAGUENGO ERROTA.
  • 3.000 euro. PERIAREN DOKUMENTU ANBIENTALA. Alde zahar historikoari dagokion ordenamendu dokumentua.
  • 110.000 euro. UR PARKEA.
  • 15.000 euro. PARKE TXIKIA. Ur parkearekin batera, txikienen parkearen lurra eta erdiko jolasa berriztu nahi da.
  • 2.500 euro. DESFIBRILADOREA. Herri ezberdinetan jartzen ari den gauza bat da eta Aramaion aurten bat jarri eta formazio ezberdina ematea nahi da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak