Aramaioko Udala arduratuta dago Ibarran nahikoa ohikoa delako ibilgailuak toki desegokian uztea, eta horrek dakartzan ondorioengatik. Ibargoian, adibidez, zaborra jasotzen duen kamioiak arazoak izaten ditu kalean gora egiteko eta gero buelta emateko, Udalak adierazi duenez: "Izan ere, edozein tokitan ikus daitezke kotxeak gaizki aparkatuta: espaloian, bide bazterretan, edukiontziak dauden tokietan...".
Eta herriko beste zenbait gunetan errepikatu egiten da arazoa; horregatik, "bizilagunak eta herria bera errespetatzeko" eskatu du Udalak, beste behin. Arazoak jarraitzen badu, neurriak hartu "beharko" dituela iragarri du.
Lierni Altuna alkateak dio "pertsona askok" aparkatu behar ez den lekuetan aparkatzen duela, eta horrek arazoak sortzen dituela: "Zirkulazio arazoak, espaloiak utzi eta bidetik ibili beharra eta horrelako gauzak". Eta kontua ez da aparkaleku falta; alkateak dio jende berak Arrasaten ez duela arazorik kotxea utzi eta bost-hamar minutu ibiltzeko, baina Aramaion etxe ondoan edo taberna ondoan aparkatu nahi izaten dutela.
Alkateak badaki isunena ez dela gustuko gauza jendearendako, baina "beste gauza batzuk eginda eta hamar mila aldiz esanda ez badu balio... Beste herritar batzuk ere haserretzen gara, edo dira, eta egin beharko da egin behar dena. Zer? Ikusiko dugu denborarekin". Ertzaintzarekin harremanetan dira.
Horrez gain, eta esaterako zabor bilketarako sortzen diren eragozpenak direla-eta, edukiontzi batzuk, agian, lekuz aldatu beharko dituztela dio alkateak, "nahiz eta urrundu". Dena errespetu faltagatik: "Elkar errespetatzen ikasi behar dugu".