Hasi da 2018ko sagardo denboraldia Araban. Atzo, eguena, egin zuten txotx irekiera, Iturrieta sagardotegian. Jon Zerain gasteiztarrak ireki du txotx denboraldia, Alberto Zerain mendizalea zenaren semeak, eta gustura azaldu da Arabako Sagar eta Sagardogile Elkarteak berarekin izandako detailearengatik. "Gauza polita da, eta pozik nago. Ondo iruditzen zait aita gogoan izatea eta halako aukerak ematea. Aitari egindako omenaldi txiki bat bezala hartzen dut, eta alde horretatik, gustura nago", azaldu du Zerainek.
Aurtengo sagar uztari dagokionez, "bikaina" izan da, Iturrieta sagardotegiko arduradun Juanjo Peciñaren arabera. "Oso sagar osasuntsuak sartu ziren eta kalitatea bermatuta dago. Badirudi graduazio txikiagoa dutela aurtengoek eta hori arriskutsua ere izan daiteke, errazago edaten delako, ura balitz bezala. Baina kalitate aldetik, oso ona irten da. Gero ikusi egin beharko da zein bilakaera izaten duen, hau produktu natural bat da eta, inongo kimikarik gabea".
Kantitate aldetik ere uzta ezin hobea izan dela azpimarratu du Peciñak. "Inoiz baino sagar gehiago batu ditugu. 20 urte daramatzagu sagarrondoekin eta ez dugu sekula jaso aurten jaso dugun sagar kopurua. Ikaragarria izan da, 50 tona inguru batu ditugu. Gainera, sagar kilo asko geratu dira zuhaitzetan eta lurrean, jaso barik edo erabili barik, eta pena hori da. Zoragarria izan da aurtengo uzta, oso pozik gaude", azpimarratu du Peciñak.
Aurtengo sagarraren berezitasunei ere erreparatu die Iturrieta sagardotegiko arduradunak, eta azaldu du, beste urteetakoak baino graduazio baxuagoa edukitzeaz gain, kolore aldetik argiagoa dela eta zaporea ere "handia" duela.
Aurreikuspen onak
Atzo abiatutako denboraldiari begira, aurreikuspen onak dituzte sagardotegian. Izan ere, dagoeneko eskari asko jaso dituztela dio Peciñak. "Egia esan, harrituta gaude. Denboraldia hasi aurretik erreserba asko egin ditugu, jendea gogotsu dagoela argi dago. Beraz, espero dugu mugimendua izatea eta jendea gustura egotea gurekin", nabarmendu du. Eurak ere gogoz daude denboraldiari behar bezala ekiteko. "Hilabete batzuk itxita eduki dugu sagardotegia, beste lan batzuk egiten aritu garelako, hasiera honetara ahalik eta modurik egokienenean iritsi ahal izateko. Beraz, orain disfrutatzea tokatzen zaigu, bezeroei ahalik eta harrera onena eskainiz. Gogoz gaude", bukatu du sagardotegiko arduradunak.