"Urtero ez dira hiru txapel irabazten"

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 4a, 11:07

Asier del Campo pilotari aramaioarrak hiru txapel irabazi ditu –kadete mailan– azken bi hilabeteetan: Arabako Buruz Buruko Txapelketa, Arabako Binakako Txapelketa eta Arabako Trinket Txapelketa; lehena irabazteak konfiantza handia eman ziola esan du.

2017. urte bukaera borobila izan du kadete mailan –15 urte– jokatzen duen Asier del Campo pilotari aramaioarrak, hiru txapela bereganatuta. Lehena azaroaren 11n, San Martin egunean, irabazi zuen, Ogeta pilotalekuan, Asier Piconen aurka, 18-11. Del Camporen esanetan, garaipen hark konfiantza handia eman zion aurrera begira. "Ez neukan sekula bakarkako txapelketa bat irabazita, eta garaipen harekin asko poztu nintzen", azaldu du.

 

Bigarren txapela abenduaren 16an etorri zen. Joseba Letona bikotekidearekin, Mikel Aranbarriri eta Jokin Larrietari 22- 16 irabazi zioten, hura ere Ogetan. Bere hitzetan, garaipen hura ere ez zen erraza izan. Izan ere, eskuak minduta zituztela iritsi ziren finalera, bai bera eta baita Letona ere, eta horrek zaildu egin zizkien gauzak. "Finalaurrekoa irabaztea lortu genuen, eta, behin finalera iritsita, irabazi beharra genuela pentsatu genuen, finalak irabazteko direlako. Zorionez, hala izan zen", azpimarratu du Del Campok.

Hirugarren garaipena, eta azkena, pasa den zapatuan lortu zuen aramaioarrak, Gasteizko Estadio trinketean. Alai Lomanaren aurka jokatu zuen eta uste baino errazago nagusitu zen, 30-6. Lomanak trinketean esperientzia handirik ez duela azaldu du Del Campok, eta horrek ere nolabaiteko abantaila eman ziola berari. "Lomana finalera iristea sorpresa izan da. Nire aurkari gogorrena beti izan da Markel Aranbarri, txikitatik, eta Lomanak final-laurdenetan kanpoan utzi zuen. Harritu egin ninduen, baina gauzak ondo egin dituen seinale. Hala ere, bere urduritasuna edo nire esperientzia, ez dakit zer izan zen gakoa, baina irabaztea lortu nuen, eta oso pozik nago. Urtea nahi nuen moduan bukatu dut, hiru txapelekin", nabarmendu du Del Campok.

Oso pozik

Hiru garaipen horiekin "oso pozik" dagoela aitortu du. "Urtero ez dut izaten hiru txapel irabazteko aukera, eta gustura nago lortu dudanarekin. Beti gura izan dut buruz buruko txapela irabazi, eta horrek eman dit poz handien, baina beste biak ere garrantzitsuak izan dira niretzat", adierazi du.

Gaztetxoak ere bikain

Infantil mailan, Danel Herrartek eta Markel Arriolabengoak bi final jokatu zituzten abenduaren 31n, bikoteka. Bata Adurtzan –Gasteiz– eta bestea Antzuolako Gabon Kopan. Nahiz eta bi partiduak galdu, maila txukuna eman zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak