Guztira 25 umek eman dute izena saio hauetan parte hartzeko, eta adinaren araberako hiru taldetan banatuta, txikienek gaur goizean ekin diote lanei. Dunixe Royo izango dute irakasle hiru taldeetako haurrek. "Gabonetako txarteltxo batzuk, bola bat eta aingerutxo bat egingo ditugu. Adinean aurrera joan ahala, txartelak, aingeruak eta zuhaitzerako bolak konplikatuagoak izango dira. Azkenengo taldearekin josi ere egingo dugu", azaldu du Royok.
Irakasleak berak azpimarratu du Gabonetan umeak entretenituta edukitzea dela saio hauen helburua, eta mota honetako tailerretan umeak oso gustura aritzen direla ere onartu du.
Esan moduan, hiru taldetan banatu dituzte haurrak eta talde bakoitzak egun desberdin batean egingo ditu apaingarriak. Gaur bost eta sei urteko umeek egin dituzte eskulanak, bi orduko saioan. Bihar, eguaztena, zazpi eta zortzi urtekoen txanda izango da eta egubakoitzean, azkenik, bederatzi eta hamar urtekoek emango diote amaiera lanari.
Beste hainbat ekintza
Apaingarriak sortzeko tailer honetaz gain, erretratuak margotzen ikasteko aukera ere edukiko dute hamaika urteko haurrek, bihar, 11:00etan, kultura etxean. Bestalde, egubakoitzean, hiru eta bost urtekoek ipuinak entzuteko aukera izango dute 17:00etan, eta hori bukatzean, yoga eta ipuinak uztartzen dituen Yogipuinak emanaldia eskainiko du Maite Arrese antzezleak, bost urtetik gorakoendako.
Bilboko PINera irteera ere egingo dute Gabon hauetan Aramaioko haurrek, eguenean, eta disko festa eta puzgarriak ere ez zaizkie faltako, urtarrilaren 3an eta 5ean, hurrenez hurren.