Gabonak ate joka daude, eta horren erakusle da gaur goizean Olentzero eta Mari Domingi San Martin eskolara heldu izana. Goizeko lehen orduan iritsi dira, eta gelaz gela aritu dira, ikasleekin solasean. Ikasleek kantuan, bertsotan, eta dantzan ere egin dute, eta horren ostean, bikoteak opariak banatu dizkiete. "Beti dago bihurriren bat edo beste, baina, orokorrean, ondo portatzen dira Aramaioko umeak. Beraz, opariak bakarrik ekarri ditugu, ikatzik ez. Atzo eskolan egon ginen, eta domeka gauen etxez etxe pasako gara opari gehiago banatzera", azpimarratu du Olentzerok. Mari Domingik, bere aldetik, aitortu du Aretxabaletatik Aramaiorako bidea "gogorra" izan dela, baina "pena merezi" izan duela.
Opariak banatu ostean, urteroko ohiturari jarraituz, seigarren mailako ikasleek txistorra prestatu dute, sukaldariaren laguntzarekin, eta ikasle guztiei banatu diete, melokotoi-zukuarekin batera.
Arratsaldean, berriz, Gabonetako jaialdia egin dute eskolako ikasle zein irakasleek kultura etxean. Gela bakoitzak emanaldi bat eskaini du eta denetarik egon da jaialdian: dantzak, bertsoak, antzerkia eta abar
Egitarau oparoa Gabonetan
Bertso saioaz gain, Gabonetarako egitarau zabala prestatu du Udalak. Gaur, adibidez, Handia pelikula ikusteko aukera izango da kultura etxean, 22:00etan. Sukaldaritza tailerraren ordez, josten ikasteko tailerra egongo da aurten umeentzako, Dunixe Royoren eskutik. Adinaren arabera, hiru talde desberdin egingo dituzte. Horrez gain, Yogipuinak emanaldia eskainiko du Maite Arresek. Argazki proiekzio bat ere egongo da, Alex Mendikutek antolatuta. Hain zuzen, Aramaioko jendea eta paisaiak agertzen diren argazkiak erakutsiko dira.
Gabonetako egitaraua: