"Taberna kudeatuko duen norbait behar dugu, ezinbestekoa da guretzat"

Eneko Azurmendi 2017ko urr. 27a, 11:11

Gabonak ezkero itxita dago Oletako Herriko Taberna eta negozioaren kargu egingo den norbaiten bila dabiltza oletarrak; guztiz berritu behar izan dute lokala eta egungo exijentzia guztiak betetzen ditu. Bizilagunek diote auzoari "bizia" ematen diola tabernak eta hau itxita, "hutsune" bat sentitzen dutela.

1780an egindako eraikina da, eta hainbat urtez kontseilu etxea izateaz gain, denda eta taberna zerbitzua ere eskaini izan die Oletako auzotarrei zein inguruko herritarrei eta mendizaleei.

Azkeneko urteetan bikote batek izan du tabernaren ardura, baina, duela urtebete inguru, uztea erabaki zuen. Duela 25 urte egin zen azkeneko lizitazioa, eta, Txomin Goikolea auzo-alkatearen esanetan, "orduko hartan eskaerak ez ziren izaten egun bezain gogorrak". Hori dela eta, bikoteak negozioa utzi zuenean, konturatu ziren tabernak ez zuela jarduera-lizentziarik. "Bat-batean, arazo handi batekin egin genuen topo. Lokala itxi egin behar izan genuen eta ostean taberna goitik behera berritu behar izan dugu, gaur egungo exijentzia guztiak bete ahal izateko", adierazi du Goikoleak.

Hala, jantokian eta sukaldean hainbat aldaketa egiteaz gain, komunak goitik behera aldatu dituzte, bentilazio sistema ere bai, eta guztia gaur egungo legearen barruan jarri behar izan dute oletarrek.

Hori guztia egiteko 65.000 euroko inbertsioa egin du Oletako auzoak –Udalak 10.000 euroko laguntza eman die–.

Abuztuan, lehiaketa publikora aurkeztu zuten, baina inor ez zen tabernaren kargu egiteko prest agertu. Oletarrek aukera dute esleipen zuzena egiteko prestutasuna agertzen duenari, eta, Txomin Goikolea auzo-alkateak adierazi duenez, haiek prest daude lizitazioko baldintzak negoziatzeko eta kolaboratzeko. "Azken finean, gure helburua ez da hemendik dirua irabaztea, oletarrei eta inguruko herritarrei zerbitzua eskaintzea baizik. Gainera, Urkiolako parke naturalak daukan bigarren atea da hau eta mendizale ugari etortzen dira, bai perretxikotara, baita mendi buelta bat ematera ere. Beraz, jende askori eman izan dio zerbitzua taberna honek".

Bakarra auzoan

Oletan dagoen taberna bakarra izanik, hura itxita egonda auzoa oso triste dagoela adierazi dute bizilagunek, eta azpimarratu dute taberna irekitzeko benetako premia dutela. Auzotar batek dio bizia ematen diola Oletari. "Oso garrantzitsua da taberna zabalik izatea. Hau itxita, Oleta hilda dago". Beste auzotar batek azaldu du "hutsune" handia dutela tabernarik gabe. "Ea norbait animatzen den taberna hartzen. Guk oso ondo hartuko dugu". Interesa duenak honako bi telefono hauetara dei dezake informazio gehiagorako: 617 33 27 70 (Txomin Goikolea) edo 671 28 40 93 (Rafael Unzalu).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak