Atzo egin zuten Aramaion otsaileko osoko bilkura Aramaioko udalbatzako kideek. Zortzi puntu landu zituzten, eta gai guztiak aho batez onartu zituzten.
Lehenik eta behin, Arabarri sozietate publikoaren akzioak Arabako Foru Aldundiari saltzea adostu zuten. Jarraian Haritz Zubiate eta beste batzuk ondasun komunitatea enpresari bermea itzultzea onartu zuten. Udalarentzat lan egin zuen iraganean, baina enpresa disolbatu egin dute, eta horren ondorioz itzuliko diote bere garaian jarritako bermea.
Bosgarren puntuan, baso bideak erabiltzeagatik kobratzen den tasa ez kobratzea adostu zuten. Otsailaren 13ko haize bortitzek kalte ugariak sortu dituzte basoetan, eta hauen ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz, aurten tasarik ez kobratzeko proposamenak aurrera egin zuen bi alderdien babesarekin. Hau egin ostean Eudelek egindako Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu zuten. Bertan aipatzen ziren zortzi helburuetako baten udalbatzetan emakumezko zinegotziak %40 izatea proposatzen zen. Aramaion bederatzi zinegotzietatik bi bakarrik dira emakumezkoak, eta zentzu horretan lan handia dagoela egiteko aipatu zuen Lierni Altuna alkateak.
Azkenik Picassok margotutako Guernica margolana Gernikara itzultzeko adierazpena onartu zuten, zentzu horretan Eusko Jaurlaritzari urratsak ematea eskatuz. Urtarrileko osokoan aurrekontuak otsailean onartzeko asmoa adierazi arren, martxoan onartuko dituztela esan zuen Altunak. Aramaioko Argindar Banatzailea SA enpresaren aportazioa definitu gabe oraindik, baina datorren asterako bilera bat iragarri zuen kontu hau lehenbailehen lotuta uzteko.