Lehen mailako belar zaintzaile aramaioarrak

Ekaitz Gredilla eta Jokin Balanzategi aramaioarrak Atxabalpeko zelaiak duen itxura paregabearen arduradunak dira. Bertako berdegunearen mantentze lanak egiten dituzte, eta euren lan txukuna Eibar taldearen denboraldi borobilaren isla da

Futbol taldeak familia handiak bezalakoak dira. Zelaira irteten diren hamaika jokalarien emaitzak ikusten ditugun arren, eurentzako lana errazten duen giza talde handia izaten dute atzetik. Sukaldariak, masajistak, begiraleak, administraziokoak, delegatuak, ... asko dira fokuetatik kanpo lan garrantzitsuak egiten dituztenak, eta horien artean aurkitzen dira belar zaintzaileak ere.

Atxabalpe alfonbra baten pare

Ekaitz Gredilla eta Jokin Balanzategi dira, Atxabalpeko berdegunea baldintza egokietan mantentzeko ardura duten bi langileak. Ekaitzek lorezaintza ikasketak egin zituen Gasteizen bi urtez, eta praktika aldia amaitu ostean hasi zen Atxabalpen lanean. Pertsona bakarrarentzat lan handia zela ikustean, Jokin batu zitzaion, hasi eta hilabete gutxira, eta ordutik batera ari dira.

Eibar taldeak akordioa lortu zuen Arrasateko Udalarekin Atxabalpeko instalazioak erabiltzeko. Alokairu sinboliko bat ordaintzeaz gain, bertako egokitzapen lan guztiak bere gain hartu zituen Eibarrek, eta besteak beste hareazko zelai zaharra belarrezko bihurtu dute.

Baina inbertsioez gain, mantentze lanak ezinbestekoak dira. Atxabalpera joaten den edonork bertako berdegunea alfonbra batez legez dagoela ikus dezake, eta hori Aramaioko bi belar zaintzaileen lan txukunaren emaitza da.

Zeregin ugari

"Garrantzitsuenak belarra moztea, ongarria botatzea, zuloak estaltzea eta zelaia margotzea izaten dira. Entrenamendu aurretik mozten eta ongarria botatzen aritzen gara, eta behin amaituta, jokalariek utzitako zuloak estaltzea tokatzen zaigu" adierazi du Gredillak.

Jokalarien lan saioak 90 minutu bueltakoak badira ere, bikote aramaioarraren lanaldia zazpi ordu eta erdikoa da. "Jokalariek 11:00etan hasten dute lan saioa, baina gu 08:00etan hasten gara lanean. Mendilibarrek hala eskatuta belarra 24 milimetrora mozten dugu. Pertsona bakarrak hiru ordu behar ditu zelaia ondo moztuta uzteko" azaldu du Jokin Balanzategik.

Eibartatu gabe

"Jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileekin erlazio oso ona daukagu, eta bigarren entrenatzailearekin pilotan jokatzera ere joaten naiz" azaldu du Balanzategik. Hala ere, Jokinek Athleticekoa izaten jarraitzen du, eta Ekaitz Errealekoa da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.