Aramaion argindar sare propioa dute, eta etxe zein auzoetara banaketa egiteko ardura Aramaioko Argindar Banatzailea SA enpresarena da.
Argindarra, Aretxabaletatik heltzen da herrira, baina bi herrien artean arazoren bat gertatuz gero, Aramaio argindar gabe geratu izan da behin baino gehiagotan. Horrelakoak saihesteko, argindar sorgailu propioa erosteko inbertsioa egitea onartu zen, eta pasa den azaroan jarri zuten Pedro Ignazio Barrutia kalean.
Asteleheneko haizete bortitzen eraginez erabili zuten lehen aldiz. Lehen lau orduetan primeran funtzionatu zuen, baina tarte hori pasata arazoak ematen hasi zen.
Orain, argindar sorgailuaren mantentze lanak egiten dituen enpresako teknikoak, arazoen zergatiak ikertuko dituzte.
Argia joaten eta etortzen ibiltzeak hainbat kalte eragin zituen etxebizitza batzuetan. Hala ere Udala lanean ari da kaletak izan dituztenen aseguru tramitazioak errazteko.
Beste alde batetik, haizetearen eraginez baso partikularretan sortutako kalteentzako laguntzak egongo direla jakinarazi du Basogintza elkarteak. Arlo honetan informazioa behar duen edonork Basogintza elkartearekin harremanetan jartzea besterik ez du.