Mila metro kubikoko edukiera dauka Aramaioko ur depositu berriak, eta bi hilabete daramatza honezkero funtzionamenduan, urtebetez berau eraikitzeko lanetan ibili ostean. Ibarrako biztanleei ematen die zerbitzua.
Gaurko inaugurazio ekitaldian izan da Josean Galera, Arabako Foru Aldundiko ingurumen eta hirigintza diputatua, eta depositu berriaren ezaugarriak azaldu ditu: "Depositu berri bat eraikitzearen alde egin dugu, mila metro kubikotakoa, lehengoaren edukiera laukoizten duena eta kota altuago batean dagoena, modu horretan presioak ahalbidetu dezan ura hobeto eta leku gehiagotara iristea. Honek ahalbidetuko du Ibarrara ez ezik, etorkizunean gertuko beste auzo batzuk ere hornitzea. Beraz, Aldundiaren eta ingurumen sailaren betebeharra izan da, kasu honetan, Aramaioko herria laguntzea eta ur edangarriaren hornikuntza bermatzea biztanle guztiei".
Galerak azaldu du depositu berriarekin bermatuta dagoela datozen 25 urteotako ur hornikuntza, gutxienez.
Luzaroan esperotakoa
Duela bi legealditik dator Ibarrarako ur depositu berri bat eraikitzearen eskaera, Aramaioko Udalak beharrezkotzat jotzen baitzuen, orain artekoa zaharkituta geratu zela-eta."Ibarrak zuen depositua zaharra eta txikia zen, eta orain gaur egun dauden biztanleendako eta etorkizunean etor daitezkeenendako depositua daukagu. Lehenago, eguraldi txarrarekin filtrazioak egon ohi ziren sarri, eta ura agian zikinago ere joaten zen; orain, berriz, garbiago doa", azaldu du Lierni Altunak, Aramaioko alkateak.
Hori dela eta, lehenik udalak lurrak erosi behar izan zituen, eta azkenik Aldundiak baiezkoa eman zuen eta duela urtebete hasi zituzten lanak.
Altunak azaldu du depositu berria martxan jartzean intzidentziaren bat edo beste egon bazen ere, gaur egun arazorik gabe ari dela funtzionamenduan