Kanporaketa fasean lan dotorea egin zuten Aramaioko bertsolariek, eta bide beretik hasi dute 2017ko Arabako Txapelketako lehen finalaurrekoa.
Aurtengo edizioko armiarma sarea atzean zutelarik honako sei bertsolariak igo ziren Langraizko oholtza gainera: Felipe Zelaieta, Zigor Enbeita, Rikardo G. de Durana, Asier Rubio, eta Peru Abarrategi eta Manex Agirre aramaioarrak. Txapelketako bertsolari gazteena lehena, eta azken edizioko txapelduna bigarrena.
Lehen finalaurrekoa hasi aurretik, duela bi urteko sentsazio onak urrun sentitzen zituela aitortu zuen Agirrek, baina atzoko saioaren ondoren, gertuago sentitzen hasteko aitzakiarik ez zaio faltako. "Lehen ariketetan eroso sentitu nintzen. Ondoren bakarka egindako lanarekin ez nintzen gustura geratu, eta arantza moduko batekin amaitu nuen saioa. Hala ere, lasaitua hartu nuen puntuazio altuena jaso nuela jakiterakoan" azaldu du Agirrek. Kontrarioen artean Rikardo G. de Durana oso seguru eta irmo ikusi zuela adierazi, eta Peruk egindako saioa serioa ere nabarmendu du.
Peru Abarrategiren kasuan, saioa benetan pozik amaitu zuela aitortu du. "Agurrean oso urduri jarri nintzen. Zuri antzean geratu nintzen eta ia doinua ahaztu zitzaidan. Baina saioa aurrera joan ahala segurtasuna hartzen joan nintzen, eta gustura amaitu nuen egindako lanarekin".
Atzoko finalaurrekoan lehen postua eskuratuta, Manex Agirrek Legution jokatuko den 2.itzuliko laugarren finalaurrekoan kantatuko du, martxoaren 4an. Peruren kasuan, lehen itzuliko bigarren eta hirugarren finalaurrekoen puntuazioen zain geratu beharko da bigarren itzuliko zein plazatan abestuko duen jakiteko.
Domekako saioko zati batzuk sarean zintzilikatu dituzte, Arabako Bertsozaleen Elkartekoek.
Manex binaka
http://www.bertsoa.eus/eu/bertsoa-arabako-txapelketa.asp?id_evento=547&id=7501
Beste hiru aramaioar hurrengo asteburuan
Lehen itzuliko bigarren finalaurrekoa domekan jokatuko da Zigoitian, bertsolarien erdia aramaioarrak direlarik. Andere Arriolabengoa, Xabi Igoa eta Iker Agirre aurtengo txapelketa bide onetik hasten saiatuko dira. Hitzordua, Zigoitiako Kultura Etxean, 17:30ean.