Atzokoa izan zen urteko lehen osoko bilkura Aramaion. Hamaika puntuko bilkura izan zen, baina horietako asko informatiboak izan ziren.
Eguneko lehen bozketan, Oleta eta Otxandio lotuko dituen oinezko bidea egiteko hitzarmena sinatzea adostu zuten bi alderdiek. Aramaio eta Otxandioren arteko muga gai gatazkatsua izan da azken 500 urteetan, baina polemika horiek alde batera utzi, eta bertako bizilagunen alde egiteko hitzarmena izango da. "Otxandiok proposatutako hitzarmen bat izan da. Diru-laguntzak jasotzeko interesgarria zen eurentzako, baina guri ere interesgarria iruditu zaigu. Jabego eta erabilera aldetik gatazkatsua izan da betidanik bi herrien arteko muga hori, eta horren eraginez eremu hori mugatuta egon da garapenari dagokionez. Oletarrak eta otxandioarrak gehiago ez kaltetzeko Oletako batzar administratiboak, Otxandioko Udalak eta Aramaioko Udalak sinatu dugun hitzarmena da" azaldu du Altunak.
Eguneko seigarren puntuan, Udalak 2016an egindako hainbat ordainketen berri eman zuen. Bertako ordainketa batzuk pleguak berriztu gabe dauzkaten udal hornitzaile batzuenak zirela jakinarazi zuten. Udal Gobernuko kideek pleguak aurten berrizteko konpromisoa hartu zuten, baina data konkreturik jarri gabe. Puntu honetan EAJ-ko ordezkariak abstenitu egin ziren.
Jarraian, Gureia auzoko obra kontratuaren esleipenaren berri eman zuten. Abenduko ezohiko bilkuran esleitu zizkioten lanak Excavaciones Arrasate enpresari, eta eguaztenean batzarra egin zuten bizilagunekin lanen nondik norakoak azaltzeko. Hurrengo puntuan Zalgoko, Errotabarriko, Arriolako eta Eguzkierripako airezko lineak lurperatzeko Telefonicarekin lortutako hitzarmena izan zen eztabaidagai. EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAK-ko ordezkariek aurkako botoa eman zuten, Telefonicaren txostena gaztelera hutsean zegoela argudiatuz.
Galdera eta eskaeren tartean EAJko udal ordezkariek aurrekontuak noizko onartuko dituzten galdetu zioten alkateari. Altunak ahalik eta azkarren egiteko asmoa dutela adierazi zuen, eta aurrekontuak oraindik gertu ez edukitzea eragin duten faktoreen berri eman zuen.