Tenperatura hotzen etorrerarekin bat, sagardotegiek euren ateak zabaltzen dituzte. Aramaioko Iturrieta sagardotegian telefonoa jo eta jo aritu da goiz osoan, egubakoitzetik aurrera hasiko baitute 2017ko sagardo denboraldia. Hala ere, Arabako sagardogileen irekiera ekitaldi ofiziala Maider Undaren eskutik egingo dute, ostegunean, Kuartango sagardotegian.
2016an eguraldiak ez du askorik lagundu ekoizpenari dagokionez. Hala ere, kalitateak ez du behera egin, eta iazko litro kopuru berdina mantentzea lortu dute.
"Aurten uztak eskasak izan diren arren, iazko litro berdinak ekoiztu ditugu, 20.000 litro inguru. Litro asko sagar zukua egitera bideratzen ditugu, eta hortxe gaude sagardoa eta zukua eskaintzen" azaldu du Iturrieta sagardotegiko Juanjo Peciña arduradunak.
20.000 litroetatik 4.000 inguru bideratzen dituzte sagar zukua egitera. Gainontzeko 16.000 litroen hiru laurdenak txotxerako erabiliko dituzte eta azken laurdena botilaratzeko.
Orain arte Eusko Label zigilupean aritu diren ekoizleek “Euskal Sagardoa” jatorrizko deitura izendapena izango dute. %100ean euskal jatorriko sagarrekin egindako sagardoak izan behar dira, eta Europatik ezarritako kalitate estandarrak betetzen dituzte. Atzo egin zuten zigilu berriaren aurkezpen ekitaldia Donostian. 35 ekoizle daude barne, gehienak gipuzkoarrak. Hala ere, Aramaioko Iturrieta sagardotegia partaideetako bat da, Arabako sagardogileen ordezkari bakarra delarik.