Ezohiko osoko bilkura egin dute gaur, eguena, Aramaioko Udalbatzako ordezkariek. Hiru puntu bozkatu dituzte baina horietan garrantzitsuena Gureia auzoko euri urak bereizten dituen saneamendu sarea, elektrizitate, kale argiteria eta telefono kanalizazioak eta zoladura proiektua esleitzearena izan da.
Urteko proiekturik garestienetakoa izanik, urtea amaitu baino lehen lanak esleitzea zen Udalaren asmoa, horrela diru-laguntzak baliatu ahal izateko, eta aho batez onartu dute lanen esleipena.
Zazpi aurrekontu
Eraikuntzako enpresek azaroaren 17ra arte eduki zuten euren aurrekontuak aurkezteko epea, eta guztira zazpi enpresa aurkeztu ziren. Hirigintza batzordean proposamenak aztertu zituzten, baina guztietan aukerarik merkeena zena baja-temeraria egoeran zegoen.
Gainontzeko aurrekontuekin alde nabaria zuela ikusita, euren proiektuaren nondik norakoak azaltzeko aukera eman zitzaion Asfaltados y construcciones Morga enpresari. Emandako azalpenek ez zituzten teknikarien zalantzak argitu, eta ondorioz, Excavaciones Arrasate s.l. enpresari esleitu zaizkio lanak. Azken hauek aurkeztutako aurrekontua 417.877,90 eurokoa da BEZ-a barne.
Auzolanak eta obra txikiak
Eguneko beste bi puntuetan auzolanetarako eta obra txikietarako diru laguntzak eskatzea onartu dute aho batez. Arraga auzoan areka batzuk egitea eta kiroldegiko lanen bigarren fasea aktibatzea izango dira finantzatuko diren lanetako batzuk.