Amerikako hizkuntza gutxituen iturritik edaten

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 15a, 19:39

Garabidek eta Aramaioko Udalak antolatuta mahai ingurua egin zuten atzo osoko bilkura aretoan, kitxua, kaqchikel eta aimara hizkuntzen errealitatea ezagutzeko. Babes instituzional gutxiago duten komunitate hauen zailtasunak eta aurrera egiteko dituzten gogoak jaso zituzten bertaratutakoek.

Ekuadorreko, Boliviako eta Guatemalako hizkuntza gutxituen errealitatea sakonago ezagutzeko mahai ingurua egin zuten atzo Aramaioko osoko bilkura gelan. Garabidek eta Udalak elkarlanean antolatuta, kitxua, kaqchikel eta aimara hizkuntzen egoera soziolinguistikoa jakitera emateko saioa izan zen atzokoa.

Hasieran entzule gutxi etortzeko beldurra zegoen arren, osoko bilkuran jarritako aulki guztiak bete ziren lau gonbidatuek esateko zutena entzuteko. Euren buruak aurkeztu zituzten bakoitzak bere hizkuntzan eta ondoren banan banan azaldu zuten euren egoera soziolinguistikoaren gaur egungo argazkia zein den.

"Hizkuntza gure ama da, bizia eman digun ama. Baina gaur egun gaixorik dago. Hori dela eta, seme guztiak ari gara gure ama sendatzeko ahaleginak egiten ditugu" adierazi zuen Apak Perugach kitxua hizkuntzaren ordezkariak.

Kasu guztietan argi geratu zen babes instituzional urria duten hizkuntzak direla. Erakundeek gutxietsi egiten dituzte, eta ondorioz, ez daukate hezkuntza sisteman presentziarik. Egoera horretan bizirauteko zailtasunak areagotzen zaizkie eta hori nabaria da egun bizi duten egoeran.

Garabidek gonbidatuta hamar asteko egonaldia egingo dute atzoko gonbidatuek Euskal Herrian. Euskara bizirik mantentzeko dauden estrategiak ikusi eta euren hiztun komunitatetan aplikatzea da egonaldiaren helburuetako bat. "Hemen ikusi dudan, eta asko baloratzen dudan gauza bat euskararekin daukazuen identifikazioa da. Hizkuntza zuenganatzen duzue, eta eskolatik kanpo eguneroko bizitzako hainbat esparrutan erabiltzen duzue. Hori indargune bat da, eta nire komunitatean hori indartzea nahiko nuke" azaldu zuen Olga Sitan Miculax kaqchikel hizkuntzaren ordezkariak.

Mahai ingurua borobiltzeko Manex Agirrek eta Xabi Igoak bertso saiotxoa egin zuten, gonbidatuen azalpenak ipar hartuta. Zentzu horretan Frankoren diktaduran euskararen bazterketa egoera antzekoa zela kantatu zieten atzoko protagonistei.  

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak