Ekintza ugari Euskararen Egunarekin lotuta

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 11a, 13:59

Aramaioko Udalak herriko hainbat eragilerekin batera egitarau mamitsua prestatu du Euskaren erabilera sustatzeko. Iaz arrakasta izan zuten Euskal Ginkana eta Herri Lasterketaz gain, hitzaldi zikloa eta biharko Euskal Kantuen Jaialdia antolatu dituzte

Aramaio herri euskalduna izan da beti, eta horretan eragin handia daukate bai Udalak eta bata herriko hainbat eragilek euskararekin duten konpromisoak.
Horren adibide garbia da Abenduak 3ko Euskararen Egunaren baitan Udalak herriko eragileekin batera antolatu den ekintza sorta. "Euskararen eguna eta berarekin lotutako ekintzak antolatzeko, herriko hainbat eragileekin bilera egin dugu urrian. Talde hauekin bizpahiru aldiz elkartzen gara urtean eta helburua izaten da euskara arloan egiten ditugun ekintzak elkarrekin planifikatzea, konpartitzea eta elkarrekin antolatzea" azaldu Rosa Mondragon Aramaioko Udaleko Euskara zinegotziak.

Egitarau mamitsua

Elkarlanean antolatu duten ekintza sortak denetarik edukiko du. Iaz arrakastatsuak izan ziren bi ekintza mantendu dituzte; Euskararen Eguneko Herri Lasterketa eta Euskal Ginkana.
Euskararen alde kirola egiteko proposamenak harrera ona izan zuen herritarrengan, eta aurtengoa abenduaren 3an egingo dute. Euskal Ginkana, aldiz, azaroaren 14tik 27ra izango da. Herriko establezimendu desberdinetan aukera egongo da bi astez euskararekin eta Aramaiorekin lotuta formulatuko diren galderak erantzuteko. Gaztetxoen galderak Kultura Etxean egongo dira eta helduenak herriko taberna eta saltokietan, eta puntu gehien pilatzea lortzen dutenek sari erakargarriak jasoko dituzte.
Nagusientzat sari potoloa bi pertsonentzat afaria izango da. Ondoren herriko produktuekin osatutako hiru otar banatuko dituzte; sailkapeneko bigarrenarentzat eta hirugarrenarentzat, eta 40 puntu baino gehiago lortu dituztenentzat. Haurren saria Hontzaextrem-erako sarrerak eta materiala erosteko bonoak izango dira.

Aurtengo berritasunak

Aurtengo berritasunei buruz galdetuta zera esan du Mondragonek: "Aurten berezitasun bezala, hitzaldi zikloa izango dugu eta hiru solasaldi proposatzen ditugu, euskararekin lotuta, hiru asteartetan, guztiak arratsaldeko 18:30ean eta udaletxeko osoko bilkura aretoan. Azaroaren 15ean, Garabide elkartearekin kolaboratuz Hizkuntzak hauspoan: kitxua, Kaqchikel eta Aimara hizkuntz komunitateen esperientziak mahaingurua izango da. Azaroaren 22an, Patxi Uribarren mintzatuko zaigu Euskara lehen, orain eta etorkizunean gaiari buruz. Eta azaroaren 29an Txema Preciado etorriko da Kolorearen euskal ikuskera gaiaz hitz egitera" azaldu Mondragonek..
Horrez gain, Euskal Kantuen Jaialdia antolatu dute biharko, zapatua, Euskal Kantuzaleen Elkartearen laguntzarekin. Kultura etxean izango da, 19:00etan, abeslarien artean herriko kantariak ere izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak