Aramaioko Udalak antolatuta Aramaio, mugituz ezagutu gazte udalekuak egiten dabiltza uztaileko bigarren eta hirugarren astean. Iker Arriolabengoak gidatuta egin dituzte irteerak. Opor garaian herriko gazteen artean natur, aisialdi eta lehiez kanpoko kirol ohiturak sustatzea eta praktika aukerak sortzea eta sendotzea izan da udalekuon helburua.
Arriolabengoak berak proposatutako proiektua izan da; Udaleko kultura batzordean aurkeztu zuen proposamena, eta udalean gustu handiz hartu zuten iniziatiba. Gazteek herria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera bezala hartu dute, eta natura errespetatzen, ingurumena zaintzen, orientatzen, eta taldean ondo pasatzen ikasteko balio izango diela uste dute.
Bost irteera egin dituzte guztira. Lehenengo egunean orientazio proba bat egin zuten; hainbat informazio lortzeko herritarren laguntza behar izan zuten gazteek. Egubakoitzean Anbotora joan ziren; eta, astelehenean erreka garbitzen ibili ziren Ibarran.
Atzo mendi bizikletarekin irteera egin zuten eta bihar, egubakoitza, azkeneko eguna izango dute. Mendi irteera txiki bat egingo dute eta ondoren parrillada izango dute. Arriolabengoa pozik dago lehenengo esperientzia honek izan duen erantzunarekin.