Hasi dituzte udalekuak Aramaioko ume eta gaztetxoek. 3 eta 12 urte bitarteko 101 ume ibiliko dira uztaileko goizetarako antolatu dituzten ekintzetan. Ana Muñoa udalekuetako arduradunak azaldu du adinen arabera banatu dituztela umeak. Goizetan 10:00etatik 13:00ak arte egongo dira elkartuta neska-mutikoak.
Gaur, 3, 4 eta 5 urteko umeak kamisetak margotzen ibili dira eskolako patioan. Lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren mailakoak altxorraren bila ibili dira, herrian gora eta behera. Eta, nagusienak Uribarrira joan dira.
Hurrengo hiru asteetan egingo dituzten ekintzak askotarikoak izango dira. Bihar, esaterako, arrakasta handia izaten duen San Fermin eguna ospatuko dute
Urtero egiten dituzten ekintzen artean Otxandioko igerilekura joatea eta Euskararen eguna dago. Aurten, uztailaren 21ean ospatuko dute euskararen eguna, Legution.
Ginkana, auzoetara irteerak, maskara tailerra eta sukaldaritza tailerra ere egingo dituzte gaztetxoek. Uztailaren 22ra arte iraungo dute udalekuek; azkeneko egunean jai handia egingo dute etxekoen aurrean.