San Martin jaiak 2016

Aramaioko jaiak azken txanpan

Arantzazu Ezkibel 2016ko uzt. 4a, 15:21

Aramaioko jaietako azken eguna ospatuko dute gaur. Arratsaldean kuadrillen arteko pikea jokatuko dute, eta ondoren herri afaria egingo dute plazan. Aste bukaerak eman duenarekin gustura geratu dira; jaiei hasiera herriko txistulari ohiek eta Lagun Artean dantza taldeko kideek eman zieten, txupinazoa botata.

Egubakoitzean hasi zituzten sanmartin jaiak Aramaion. Urteetan egindako lana eskertu nahi izan diete aurtengo pregoian bai herriko txistulariei eta baita dantzariei ere. Izan ere, makinatxo bat urte eman dituzte herriko bazterrak girotzen; Lagun Artean dantza taldeak, esaterako, 60 urte. Hala, hainbat belaunalditako dantzariak elkartu ziren udaletxeko balkoian guztien ordezkari legez. Pozik hartu zuten errekonozimendua.

Zapatu goizean sei talde lehiatu ziren patata tortilla onena egiteko. Patatak eta arrautzak dira osagai nagusiak, baina sukaldari bakoitzak bere sekretutxoa izaten du. Etxean egiten dutena herritarren aurrean egitera ausartu ziren aramaioarrak.

Adela Elejalde eta Aintzane Telleriarte izan ziren txapeldunak. Arratsaldean beste lehiaketa bat izan zuten. Sukalde kontuak alde batera utzi eta eztarriak berotzen ibili ziren, irrintzi txapelketan. Iaz baino parte-hartzaile gutxiago izan ditu aurtengo txapelketak: nagusietan Aitziber Santamaria eta gaztetxoetan Uxue Ibabe, ama-alabak izan ziren nagusi. Lekaixo ona botatzeko kontuan zer izan behar den azalduzuen Santamariak.

Gau azken eguna

Gaur amaituko dituzte jaiak Aramaion. Arratsaldean kuadrillen arteko pikea izango dute parkean, eta herri afaria izango dute plazan. Gauean juergista onenari saria banatuko diote.

Aramaioko jaiek eman dutena gaur Debagoiena Zuzenean saioan ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, Goiena telebistak jaien inguruko saio berezia eskainiko du eguaztenean, 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak