Lierni Altuna: "Gastu arrunta handia da eta horrek dena baldintzatzen du"

Arantzazu Ezkibel 2016ko mai. 11a, 15:27

Aurten egingo dituzten inbertsio nagusien gainean jardun du Aramaioko alkateak, eta horren harira esan du Matxin kaleari irtenbidea emango diotela aurten bertan.

Herritarren galderak ere erantzun zituen: hainbatek eskatu arren, alkateak esan zuen ez duela bideragarri ikusten Aramaion igerilekua egitea.

Aurtengo aurrekontuetan jaso dituzten inbertsioen gainean jardun zuen Lierni Altuna Aramaioko alkateak Harira saioan. Inbertsio handiena plan foraleko diruarekin egingo dute Gureia auzoan; horrez gain, kiroldegiko gimnasioa handituko dute, gaur egun dauden komun batzuk kenduta. Modu horretan gaur egungo beharretarako egokituko dute kiroldegia; izan ere, hainbat kirol jarduera toki desegoekietan eskaintzen dituzte.  

Plan foraletik kanpo geratu zena Matxin kalea konpontzea izan zan; hala ere, egoera zein den ikusta, Udalak erabaki du aurten bertan urgentziaz konponketa batzuk egitea.

Aurrekontuekin batera, herriko beharrak eta lehentasunak identifikatzeko parte-hartze prozesua jarri zuten martxan. Bada, alkatea pozik dago prozesu horrek izan duen erantzunarekin.

AHT-ko lanen ondorioz herriak jasan dituen kalteen gainean ere jardun zuen alkateak. Lugartegi baserriko bizilagunak etxetik kanpo jarraitzen duela esan zuen. Adifek sundaketak lanak egin ditu dagoeneko: pantaila bat jarriko dute baserri aurrealdean etxea egonkortzeko, eta jausi den lurra kendu ostean horma bat egingo dute beherago. Lan horiek egiten hasi dira dagoeneko: urgentziazkoak direnez ez dute abisurik eman udaletxean.

Arrasateraino bidegorria egitea ere udalaren asmoetako bat da. Horretarako lanean dihardute Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako urak elkartearekin. Izan ere, ur saneamenduari irteera eman nahi zaio Arrasate aldera; lan horiek aprobetxatu nahi dituzte bidegorria egiteko.

Biomasa proiektuaren gainean esan zuen asko luzatu den gaia den arren, uste duela irailerako berriren bat izango dutela. Egun finantza-plana egiten dihardute; alkatearen esanetan horrek baldintzatuko du herritarren parte-hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak