Udalak kudeatzen duen dirua herritar denona dela diote, eta diru horrekin ahal dena egiten dela. Hortaz, nahita egiten diren apurketak "errespetu falta bat" direla diote Aramaioko herritar guztiontzat.
Gaineratu dute Udalak apurketa konponduko duela, baina gertatutakoa "gogor salatu" nahi dute.
Udalaren oharra osorik
Aurreko ostiralean Bizente Goikoetxearen estatua sudurra apurtuta agertu zen.
Herriko edozein gauza nahita apurtzea, lotsagarria eta onartezina da. Udalak kudeatzen duen dirua herritar denona da eta diru horrekin ahal dena egiten da beti. Hau da, farola edo estatua bati kalteak egiteak udal baliabideak, herriko baliabideak, erabili beharra ekartzen du, eta konponketa hori egiteak beste konponketa batzuk edo inbertsio batzuk atzeratzen ditu. Hori dela eta, nahita egiten diren apurketak errespetu falta bat dira Aramaioko herritar guztiontzat.
Kasu honetan gainera, beste faktore batzuk daude tarteko. Lehenengo eta behin, estatua bat artelan bat da, eta artista bat dauka sortzaile. Kasu honetan gainera Lorenzo Askazibar eskultoreak berak lagundu du estatuaren berriztatzean. Hau luxu bat izan da Aramaiorentzat: 60 urteren ostean sortzaileak berak berrizten laguntzea estatua. Eta Bizente Goikoetxearen heriotzaren 100. urteurrena ospatzen gabiltzan urte honetan estatua ber inauguratu eta 5 egunetara apurtzea errespetu falta itzela iruditzen zaigu, zentzu denetan.
Udalak konponduko du apurtutakoa, baina idatzi honen bidez gertatutakoa gogor salatu nahi dugu. Onartezina iruditzen zaigu eta espero dugu berriro ez gertatzea.
Zaindu eta errespetatu ditzagun gure herrikideak eta herria bera osatzen duten elementu, artelan, eta abarrak. Eta ekintza hau edo herriari, bere elementu edota pertsonei, kalte egiten dioten edozein pertsona lotsatua sentitu beharko litzake edo guztiok lotsatua sentiarazi beharko genuke.
Aramaio eta denon arteko elkarbizitza aramaioar guztion ardura da.
Aramaion, 2016ko apirilaren 25ean.