"Eskutitz irekia burmuingabe batzuei"

Ubane Madera 2016ko api. 26a, 09:12
Bizebte Goikoetxearen estatua apurtuta.

"Zuek estatuara hurbildu zarete, bai, baina talibanen modura. Goikoetxearen irudia erasotuz,  Aramaioko herria iraindu duzue. Hiritartasunaren kontra aritu zarete, koldarkeriatik, koldarra izan behar baita egin duzuena egiteko", berba horiek erabiltzen ditu Josemari Velez de Mendizabalek Aramaioko Bizente Goikoetxearen omenezko estatuak jasandako erasoa gaitzesteko.

Hain justu ere, gutuna zuzendu die Debagoieneko historialariak estatuari sudurra apurtu diotenei:

"Ezezagun horiei,

Ezgai intelektualak zaretenez gero ezingo duzue eskutitz hau irakurri baina zuen aita-amak edo zuek bezain ergela ez den lagunen batek (baldin badaukazue) egin liezazueke nire mezuaren irakurketa. Ez dakidana da ulertuko ote duzuen. Baina, tira, ni aurrera noa.

Hilak 16an Goikoetxearen estatua berrinauguratu ondoren Manex Agirrek kantatu zizkigun bertsoetako azkenak honako hau zioen:

Umetan zenbat jolas ta txantxa
estatua hau medio,
memoriaren harri bat zeni
ez genekien propio,
ta azkenean herriak bere
azala garbitu dio.
Harriak ez du melodiarik
ez du hortarako balio.
baina hurbildu bere ondora
Musika apur bat dario.


Zuek estatuara hurbildu zarete, bai, baina talibanen modura. Goikoetxearen irudia erasotuz, Aramaioko herria iraindu duzue. Hiritartasunaren kontra aritu zarete, koldarkeriatik, koldarra izan behar baita egin duzuena egiteko.

Gizarte bizikidetzarako arriskutsuak zaretenez gero gizarteak identifikatu behar zaituzte, kalte gehiago egin ez dezazuen. Horregatik espero dut agintariek atzemango zaituztetela. Mespretxatu egiten zaituztet, zuek Goikoetxearen estatua hondatu duzuen neurri berdinean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak