Aurtengo inbertsio handiena Gureia auzoko azpiegiturak hobetzeko izango da

Arantzazu Ezkibel Galdos 2016ko mar. 18a, 13:24

Aramaioko Udalak ez ohiko osoko bilkuran onartu ditu 2016ko aurrekontuak. Aurten, gastuetarako 2.033.107,87 euro izango dute; hori horrela da Foru Aldunditik plan foralerako diru-laguntza jaso dutelako. Inbertsio nagusiena, hain zuzen, plan foraleko diruarekin Gureia auzoko azpiegiturak hobetzea izango da. Aurrekontuak onartzerakoan, EAJ abstenitu egin zen. 

Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin onartu zituzten atzo, eguena, 2016ko aurrekontuak. Aurten 200.000 bat euro gehiago izango dute gastuetarako, plan foraleko laguntza dela-eta. 

Aurrekontuak egiterakoan, udal gobernuaren lehentasuna izan da "orain artekoa mantentzea, batez ere taldeei ematen zaien diru-laguntzak".

Plan forala

Lierni Altuna alkatearen esanetan, erronka izan da plan foralari eustea. Aldunditik jasoko duten diruarekin Gureia auzoko azpiegiturak hobetuko dituzte. Hori da aurten udalak egingo duen inbertsio nagusia.

"Eskolako komunen konponketa izango da beste inbertsio garrantzitsu bat. Oraindik diru-laguntzaren ebazpena ez daukagu, baina %60 inguru izango da; hiru baso pistetan ere konponketa handiak egin behar dira; eta, kiroldegirako ere beste diru-laguntza bat eskatu da dagoen gimnasioko handitzeko. Daukagun espazio faltari poliki-poliki aurre egin behar diogu", azaldu zuen alkateak.

Oposizioa, abstenitu egin zen

EAJ, bere aldetik, abstenitu egin zen atzoko botazioan. Rafael Bengoa zinegotziak azaldu zuen zergatia: "Gastu korronteak oso handiak direlako, gutxienez aurrekontuaren %75 inguru; %25eko aurrekontuarekin ezin daiteke ezer egin; ez enplegua sortu, ez beste ekintza batzuk egin. Guk uste dugu hau dela aurreko gobernuaren ondorioa". 

Inbertsioak egiteko edo beste lan batzuk egiteko diru gutxi geratzen dela uste dute jeltzaleek; adibidez, enplegu laguntzak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak