1981ean sortu zuten arbel Kooperatiba, Aramaioko baserritarrei hainbat zerbitzu emateko helburuarekin. Garai hartan pentsua erostea zaila eta garestia zen; bada, kooperatiban bertan pentsua egitea erabaki zuten. Ordutik pentsua egin eta banatzen, eta baserritarrei beste hainbat zerbitzu eskaintzen ibili dira kooperatiban.
Azkenaldian, aldaketak
2015eko azaroaz geroztik makina bat aldaketa eta berrikuntza egin dituzte Arbel Kooperatiban. Dagoeneko ez dute han egiten animalientzako pentsua. Betiko formularekin jarraitzen dute, baina kanpotik ekartzen dute pentsua orain. Urteetan egindako lanari esker eta bazkide zein bezeroek emandako konfiantzari esker izan dira posible aldaketa horiek egitea.
Produktu gehiago dituzte
Aramaioko baserritarrei zein inguruko bezeroei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzea izan da kooperatibaren helburua. Horretarako, kooperatibak eskaintzen dituen produktuak ugaritu egin dituzte. Gainera, martxotik aurrera, ordutegia zabaldu egingo dute. Zapatu goizetan 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik almazena; astean zehar, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik.
Hori guztia erakusteko eta bezeroekin ospatzeko, mokadutxoa egingo dute zapatuan, martxoaren 5ean, 12:00etan.