Alegazioen erantzunak eman zituen Udalbatzak joan zen egunean egindako ohiko osoko bilkuran. 18 alegazio jaso zituzten. "Plan jeneraleko auzoei eta Oletari dagokien alegazioen erantzunak onartu ditugu. 2015eko uztailean erakusgai egon zen proiektua, Diputazioak aldaketa batzuk egiteko eskatu ostean. Alegazio epe bat zabaldu genuen; alegazioak landu dituzte Stoa enpresak, 2006tik plan jenerala daraman enpresak, eta udaleko arkitektoak. Hirigintzan landu genuen gaia; alegazio ia gehienak irizpide teknikoekin erantzun ditugu, eta beste batzuk bestelako irizpideekin ebatzi ditugu", dio Lierni Altuna alkateak.
Prozesua geldoa da
Stoa enpresak proiektua erantzunen aldaketekin osatzen duenean Eusko Jaurlaritzara eta Arabako Diputaziora bidaliko dute. Eta, behin proiektua onartzen dutenean miniplanak egingo dituzte; hau da, kotatu den lekua antolatu. "Oraingo fasean zehaztuko da non eraiki daitekeen eta non ez", gaineratu du alkateak