Martitzenean eta atzo arratsaldean hondakin organikoak konpostatze teknikaren bidez tratatzen ikasteko formazio saio bana izan zen Aramaioko Udaletxean, eta gaur eta bihar beste bi saio izango dira. Gaurkoa arratsaldeko sei t’erdietan da, eta zapatukoa, berriz, goizeko hamar t’erdietan.
Hogeita hamazazpi aramaioarrek eman dute jada izena Osteta kaleko konpost gune berria erabiltzeko. Lierni Altuna alkatea pozik agertu da ekimenak herritarrengandik izan duen erantzunarekin. Datorren martitzenean, azaroak 10, hasiko dira konpost gunea erabiltzeko beharrezko materiala banatzen, eta hurrengo martitzenerako guztia gertu eta erabilgarri izatea da Udalaren asmoa.
Joseba Santxez, Vermikan enpresako koordinadorea eta hondakinen teknikaria izan zen atzoko formazio saioa gidatzearen arduraduna. Hondakin organikoak konpostatzeak dakartzan onurak azaldu ditu berak: "hondakinak tratatzeko modurik jasangarriena da", dio. Hasieran Vermikaneko teknikarien laguntza izango dute herritarrek, eta horren ostean, konposta euren kabuz egiteko gai izango dira.