Ibabeko Andra Mariren elizatxoa goraino beteta izan da meza entzuteko. Aramaioar asko bertan, baina baita kanpotik etorritakoak ere: Gasteiztik, Madriletik… "Gure aitajaunak izan ziren kofradeak eta orain guri tokatzen zaigu. Gainera, urtero etortzen gara", esan dute horiek. Eta meza bukatutakoan liburua erosi dute guztiek. "Gogotsu irakurriko ditugu Jose Mari Velez de Mendizabalek jaso dituen kontuak", zioten.
Hain zuzen Velez de Mendizabalek aurkeztu die liburua eta han jasotako hainbat konturen berri eman. "Nik beste batzuen esanak eta idatziak jaso bakarrik egin ditut. Liburutako aktak irakurtzen egon naiz eta bitxikeriak hartu ditut horietatik, beti ere interesgarrienak, 500 urtean pentsa zenbat kontu dauden-eta!", esan die. Lierni Altuna alkatea ere izan da ekitaldian.
Kofradeak edadean gora
Ondoren, kofradiaren gaineko kontuen berri eman die Cristina Etxenausia lehendakariak bertako kideek egin duten batzar nagusian. 131 kofrade dira, baina guztiak ez dira elkartu. Etxenausiak jakinarazi du kofradeen edadea gora doala eta gazteak animatu ditu sartzera: "Gure ondarea zaintzen jarrai dezaten".
Ospakizuna bukatzeko bazkaltzera geratu dira hainbat lagun. Hiru paella zein baino zein goxoagoa gertatu dizkiete Aramaioko sukaldariek.