Aurreko asteetan etxez-etxe ibili dira EH Bildukoak programa banatzen eta gaur programa herritarrekin kontrastatu nahi izan dute. Hainbat mahai jarri dituzte udaletxe azpiko arkupeetan eta mahaiak gaika banatu dituzte. Oinarrizko bizi-baldintzak, biomasa, politika feminista, elikadura burujabetza, eredu ekonomiko propioa, etxebizitza, enplegua, euskara, herritartasuna, gazteria, kultura… bezalako gaien ekarpenak jaso dituzte.
Lierni Altuna Aramaioko EH Bilduko alkategaiaren esanetan: "Herritarren ekarpenak jasotzeko, alderdiko zerrenda kideak ezagutzeko, eta parte-hartzea zabaltzeko balio izan du gaurko ekitaldiak. Aurretik ere, kaletik ikusi gaituztenean, edo emailez bidalita jaso ditugu hainbat ekarpen, eta gaur ere jaso ditugu batzuk".