Aramaioko Udala: "Biomasaren alde lanean jarraitzeko konpromiso sendoa dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 5a, 09:00

Joan den astean amaitu zen biomasa proiektuaren sentsibilizazio eta informazio kanpaina. Proiektuak hiru helburu zituen Udala lanean buru-belarri jarri aurretik: gaur egungo menpekotasun energetikoa murriztea, energia berriztagarrien aldeko apustua egitea eta ekoizpen prozesu integrala bertan kudeatzea. Horretarako biomasa da aukera egokiena eta orain proiektuak herritarren inplikazioa eta atxikimendua behar ditu; urte amaierara arte eman ahalko da izena, udaletxean.

Ibarran bizi diren 900 herritarrei eta 400 etxebizitzei dago zuzenduta proiektuaren lehen fasea; azaroan informazio "zehatza eta zuzena" emateko zazpi bilera egin zituzten: "Balorazio oso positiboa egiten dugu. Apur bat luzea izan den arren, pozik eta gustura egindako lana izan da. Saioek parte-hartze altua izan dute eta hori eskertzekoa da. Gaiak interes handia piztu du herritarrengan, horregatik lanean jarraitzeko konpromisoa sendoa bermatzen du Udalak", diote.  

Oraingoz 80 bat atxikimendu jaso dira: "Gure harridurarako, askok bilera informatiboak amaitutakoan, zuzenean sinatu eta entregatu zuten atxikimendua; hori seinale ona da. Beste askok etxera eraman zuten dokumentua eta beraz, espero dugu datozen egunotan kopurua handitzea. Bileretan egon ez direnendako eta interesa dutenendako, Udala prest dago azalpenak emateko". 

Udala, EVE eta HAZI batera

Bizilagunen %70a proiektuari atxikitzea lortzen bada, 2015eko neguan Ibarrako etxebizitzen ura biomasa bidez berotzea posible izango litzateke. Aurrekontua 3,2 milioi euro ingurukoa da eta Udalak, Euskal Energiaren Erakundeak –EVE– eta HAZIk finantzatuko lukete. 

Udalaren arabera, asko dira sistema honen abantailak: batetik, lanpostuak sortzeko aukera emango du eta bestetik, baso-baliabideak erosteko orduan herriko lurjabeek lehentasuna izango dute. Gainera, herritarrek onura ekonomikoak izango dituzte gas propanoaren kontsumoarekin alderatuta faktura murriztu egingo delako. Horrez gain, ez du ekarpen ekonomikorik eskatzen inbertsioa finantzatuta dagoelako, eta etxean ez da obrarik egin beharko. EVE eta HAZIko ordezkariak Aramaiora etortzekoak dira herritarrek izan ditzaketen galdera teknikoei erantzuteko: "Erabaki aurretik herritarren zalantza guztiak argitzea da helburua", adierazi dute Udaletik.

Erlazionatuak

Lehen atxikimenduak Aramaion etorkizuneko erregairako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014 aza 14 Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak